Durangoko Azokak badu aurtengo edizioa jantziko duen spota
'Hartzea ematea DA!' leloa irudi eta musikarekin jantzi du Sorland agentziak ondu duen grabaketak
DV
Donostia
Astelehena, 11 azaroa 2024, 17:50
Durangoko Azokara begirako atzera kontaketa hasi da. Abenduaren 5etik 8ra ospatuko den 59. edizioak 'Hartzea ematea DA! leloa izango du, Udatxo eta Balu artista gipuzkoarrek sortutakoa, baita kartela ere.
Bada, astelehen honetan lau haizetara zabaldu da edizio honetako spot-a. 20 segundoko «ikus-entzunezko bizia, estetika aktualekoa», azaldu dute Azokatik. Sorland agentziak ondu du eta Arriguri ekoiztetxeak izan du grabaketaren ardura.
Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, 'Hartzea ematea DA!' leloa irudiz eta musikaz jantzi du iragarkiak, eta leloa bera indartu nahi izan dute sortzaileek. «Islatu dena horixe da: euskal kulturan irakurle, entzule, ikusle eta abar izateak duen garrrantzia, idazle, musikari edo antzezle izatearena bestekoa edo handiagoa delako», azaldu dute Sorland agentziako kideek.
Iragarkiaren gidoia lantzerakoan, estetika aktual bat eman nahi izan diote, aurtengo irudi nagusiarekin bat, «estetika bisuala, sonoroa eta zentzumenezkoa».
Era berean, leloaren «unibertsoa» iragarkian txertatzea erabaki dute Arriguri ekoiztetxeko kideek, »mezua bera ere hobeto ulertarazteko asmoz«, eta istorioari dagokionez, ideiak hartzetik berriak sortzera doan prozesua kontatu dute. »Liburu bat irakurri, esaldi batek inspiratu, letra bat idatzi, letra hori abesti bihurtu, abesti hori bideo baterako erabili... prozesu hori 20 segundotan esplikatzea nahi izan dugu, modu zuzen eta dinamikoan«, azaldu dute.
Azokaren programazioa oso datozen egunetan zehaztuko bada ere, dagoeneko jakina da Ahotsenean 34 talde edo bakarlari izango direla eta erdietan gutxienez emakumeren bat egongo dela. Musikari gazteen eta ibilbide luzekoen arteko oreka islatuko du egitarauak eta estiloei dagokienez, egungo panorama musikalaren aniztasuna igarriko da, rocka, rapa, elektronika eta folk doinuak uztartuz, besteak beste.