'Doraemon: Nobitaren dinosauro berria' filma zinema aretotan estreinatuko da asteburu honetan
Film japoniarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango da 'Zinema Euskaraz' programaren eskutik
I. Altuna
Ostirala, 10 azaroa 2023, 11:41
Doraemon eta Nobitaren abenturak gustuko dituzten ikusleek beste istorio berri batekin disfrutatzeko aukera izango dute asteburu honetan. Izan ere, 'Doraemon: Nobitaren dinosauro berria' izenburuko filma Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) sei zinema aretotan estreinatuko da ostiral honetan, azaroaren 10ean. Besteak beste, Gipuzkoan Errenteriako Niessen zineetan eta Donostian SADE Cines Antiguo Berrin eskainiko da pelikula. Publiko orokorrarentzako zuzendutako film japoniarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango da 'Zinema Euskaraz' programaren eskutik.
Filma honetan, Nobita dinosauroen erakusketa batera joan da ikaskideekin eta dinosauro arrautza baten fosila dirudien harri bat aurkitzen du. Doraemonen denbora zapiarekin, fosila bere jatorrizko egoerara itzultzen du eta bertatik bi dinosauro biki jaiotzen dira: Kyu eta Myu. Inori kontatu gabe haietaz arduratzen da, baina hazten direnean eta bere gelan eduki ezin dituenean, Doraemonek bere garaira eramatea iradokitzen du. Lagunekin batera, Doraemon eta Nobita Kretazeora joango dira, eta abentura handi bat biziko dute uharte misteriotsu batean.
Zineuskadi elkartetik jakinarazi dutenez, 'Zinema Euskaraz' programaren barruan aurten estreinatuko den bederatzigarren filma da, 'Boo Kwai eta museoaren lapurreta', 'Abentura erraldoia', 'Superheroien familia', 'Yuku eta Himalaiako lorea', 'Momiak', 'Lau ahizpa magikoak', 'Mavka: basoaren zaindaria' eta 'Alan giza antena' lanen ostean.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatutako programaren helburua euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzea da, eta haur zein gazteei zuzendutako filmen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan euskararen hedapena bultzatzeko.