26. deboraldiari ekingo dio Teknopolis saioak
Lehen saioak Irulegiko eskua izango du hizpide larunbaten ETB1en 13:30ean
DV
Donostia
Astelehena, 18 iraila 2023, 12:54
Teknopolis saioak, zientzia, teknologia eta berrikuntza ardatz dituenak, 26. denboraldiari ekingo dio asteburu honetan ETB1ean. Ia mende laurdeneko esperientzia du Elhuyarrek ekoizten duen programak, eta denboraldiko lehen atalak azken urteetako aurkikuntza mediatikoena izango du hizpide: Irulegiko eskua eta aurkikuntzaren garrantziaz jabetzeko gakoak emango ditu saioak. Iñaki Leturia Yurrita izango da aurten ere aurkezlea, eta zuzendariak, berriz, Nagore Rementeria Argote eta Leturia bera.
Saioaren arduradunek aurkezpen ekitaldian nabarmendu dutenez, urteek ematen duten «heldutasun horren eskutik, gaiak kontzienteki lantzea etorri da Teknopolis: genero-ikuspegia aspaldi txertatua du, hizkuntzarena zer esanik ez, eta azken denboraldietan klima-larrialdiaren inguruko gizarte-ardura ere barneratu du».
Asteburu honetan hasiko den denboraldi berri honetan (larunbatetan 13:30ean ETB1en eta igandeetan 12:00etan ETB2n) inor gutxi iristen den lekuetan izango da telebista-saioa, eta eduki interesgarriak eskainiko ditu: Goizuetako erreketan bizi den uhandre piriniotarra, Atapuercako aztarnategia, biltegi automatiko modernoenen sekretuak, euskal kostaldera iritsiko den espedizio zientifiko erraldoi baten berri emango du, edo ugalkortasunaren jaitsieraren eta populazioaren hazkundearen kontraesanetan murgilduko da, besteak beste.
Elhuyarrek ekoizten du Teknopolis zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-saioak babesle eta lankide diren erakundeen laguntza ere jasotzen du, hala nola Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila eta Hezkuntza Saila, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, TKNIKA Lanbide Heziketari aplikatutako ikerketa eta berrikuntzako zentroa eta BRTA Euskadiko Ikerketa eta Teknologia Aliantza.