Bigarren astea osatu du sailkapen faseak
Jon Gurrutxaga, Aitor Salegi, Beñat Iguaran eta Ane Zuazubiskar nagusitu dira Altzo, Zaldibia, Orio eta Legorretako saioetan
Bigarren astea osatu du Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseak, lau bertsolari nabarmendu direlarik ostegun eta ostiraleko saioetan. Jon Gurrutxaga azpeitiarra izan zen garaile Altzon, Aitor Salegi zestoarra Zaldibian, Beñat Iguaran billabonatarra nagusitu zen Orion eta Ane Zuazubiskar arrasatearra Legorretako saioan.
Ostegunean Altzon jokatu zen A multzoko saioa, Batzarremuño eraikinean. Jon Gurrutxagak 332 puntu lortu zituen, bigarren postuan geratu zen Eneritz Artexek baino bost gehiago. Hirugarren Iker Ormazabal (314) izan zen eta jarraian sailkatu ziren Manex Mujika (308), Mikel Etxezarreta (296,5) eta Danel Olano (295). Gai-jartzaile lanetan Olatz Zuazubiskar aritu zen.
B multzoko saioa Zaldibian jokatu zen ostegunean ere, Herri Antzokian, non Aitor Salegik lortu zituen puntu gehien, 324. Atzetik sailkatu ziren Manu Goiogana (318,5), Antton Aizpurua (306), Uxue Alkorta (294), Ander Zulaika (292,5) eta Irati Arakistain (245). Gai-jartzaile lanetan Saroi Jauregi Aiestaran ibili zen.
Ostiralean, beste bi saio
Orion eta Legorretan jokatu ziren ostiralean bigarren asteko beste bi saioak, bietan sarrerak agortu zirelarik. Orion Kultur Etxean ziren egitekoak, baina saioa ikusteko eskari handiak tokiz aldatzera eraman zituen antolatzaileak eta Arraun Etxean ospatu zen azkenik. A multzoko saio honetan Beñat Iguaran nagusitu zen 316,5 punturekin. Ane Belokik (308), Aratz Igartzabalel (306,5), Arnaitz Lasartek (303,5), Martin Berrizbeitiak (299,5) eta Axier Bergaretxek (246,5), ordena honetan, osatu zuten sailkapena. Guztiak Ane Ezenarroren 'esanetara' aritu ziren.
Azkenik, Legorretako Herri Antzokian hartu zuen B multzoko saioa, non Ane Zuazubiskar lortu zuen lehen postua 361,5 punturekin. Jarrain sailkatu ziren Maialen Akizu (331,5), Unai Izagirre (321,5), Gorka Maiz (319,5), Naia Arrizabalaga (287,5) eta Beñat Zeberio (258). Gai-jartzaile lanetan Imanol Artola Arretxe 'Felix' aritu zen.
Datorren astean Gipuzkoa Bertsotaneko beste lau saio jokatuko dira. Oraindik geratzen da sarrerarik bertsosarrerak.eus atarian.