Ateak zabalduko ditu San Telmo Museoak larunbata gauean
'Lorategi bat soinean erakusketa', horri loturiko instalazioa, klaustroa eta eliza zabalik egongo dira 20.30etik 24.00era
I. Altuna
Donostia
Astelehena, 14 uztaila 2025, 12:53
'San Telmo gauak' ekimena ospatuko du museo donostiarrak larunbata honetan, uztailak 19. Honela, ateak zabalduko ditu museoak 20.30etik 24.00era, eta sarrera dohain izango da, jarleku guztiak bete arte. Irekiera berezi honetara hurbiltzen diren bisitariek 'Lorategi bat soinean' erakusketa ikusteko aukera izango dut, baita horri loturiko instalazioa. klaustroa eta eliza. Horrez gain, taberna zerbitzua izango da, okasiorako ondutako musika hautaketa batekin girotuta.
Aipatutako instalazioa Jaime de los Ríos artista donostiarrak landutako sorkuntza berria da, Lorategi ilustratu baten geometria sekretua izeneko instalazioa. ARTEK[Lab] Arte eta Zientzia laborategi irekiaren sortzaile da Jaime de los Ríos eta software eta hardware askean espezialista. 2010ean, Artista Berriak saria jaso zuen, eta 2012an Gipuzkoako Foru Aldundiak beka eman zion, teknologia berriekin garatutako instalazioengatik. Azken urteotan, Jaime ArtFutura zentroaren zuzendari eta koordinatzaile ere izan da, eta, bertan, erakusketak egiteaz gain, nazioarteko artistak sustatu ditu.
Erakusketa
'Lorategi bat soinean' aldi baterako erakusketak (irailaren 28ra arte bisita daitekeena) Barrokoaren eta Ilustrazioaren artean ehungintzaren arloan sortu ziren lore motiboen bilakaera aztertzen du. Errepresentazio horiek gizakiak mundu naturalarekin zituen harremanetan gertatzen ari ziren aldaketa sakonen isla nola bihurtzen diren azaltzen du, baita garaiko ideia artistiko, zientifiko eta filosofiko berrien eferbeszentzia ere. Ehun eta hogeita hamar pieza inguru biltzen ditu, eta horien muina XVIII. mendeko eta XIX. mendearen zati bateko janzkera eta ehun historikoen bildumak dira. Beste erakunde batzuetako dokumentu eta bibliografia funtsak, pinturak, zeramikak eta dekorazio arteak ere ikus daitezke,
Aldi baterako erakusketak ezohiko eran bisitatzeko aukera emateko asmoz sortu zen 'San Telmo gauak' jarduera.