

Secciones
Servicios
Destacamos
I. A.
Donostia
Viernes, 9 de mayo 2025, 17:52
Ia 110 urte igaro dira Joxemiel Barandiaranek Jentilbaratzako indusketa arkeologikoa egin zuenetik. Harrezkeroztik ugariak dira Ataunen agertu diren aztarnategiak eta haietan egin diren aurkikuntzak. Arkeologo askorentzat eremu oparoa izan da Agautza ibaiak zeharkatzen duen harana. Behe eta Erdi Paleolitotik hasi eta Erdi Aroa bitarteko ehundaka aztarna topatu dituzte eta aurkikuntza hauei esker Aralar inguruan bizi izan diren gizakien kulturen berri izan dugu.
Ataungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Barandiaran Museoan antolatutako 'Arkeologia Ataunen' izeneko erakusketak herrian aurkituriko ia 50 pieza esanguratsuenak bildu ditu, besteak beste: Usategiko isturitz motako azagaia, Pikanditako arrankazia edo arpoia, Allekoaitzeko lehoinabarraren garezurra, Usategiko denarioak edota Jentilbaratzako eraztun ezaguna. Pieza bakoitza bere testuinguruan aurkezten da interpretazio-panelei esker, ikusleek ezagutu dezaten aurkikuntza horrek Ataun bezalako herri baten historian suposatzen duena.
Apirilean ireki zituen ateak erakusketak eta jarduera-programa zabal eta askotarikoa prestatu dute ondare hau herritarrengana gerturatzeko. Honela, asteazkenean, maiatzak 14, Ataun Erdi Aroan nolakoa zen jakiteko aukera aparta eskainiko du Ander Arrese ikerlariak, Jentilbaratzako gazteluaz eta hainbat aztarnategitaz hitz egingo baitu. Hitzaldia 18:30ean izango da.
Datozen asteetarako beste hainbat ekimen aurreikusi dituzte. Honela, maiatzaren 30ean, Paco Etxeberria antropologo forentseak hitzaldi bat eskainiko Juan Jose Astigarraga eta Koldo Sansinenearekin batera, Ataungo ondarearen ikerketan izan dituzten esperientziak partekatuz.
Ekainaren 5ean, Mertxe Urteagak 'Zer zor diegu erromatarrei?' izeneko hitzaldia eskainiko du, eta haren ostean 'Erromatarren arrastoak oinen azpian' dokumentala proiektatuko da. Ekainaren 8an, mendi-ibilaldi bat egingo da Ataungo ondarearen aztarnak bertatik bertara ezagutzeko, eta ekainaren 12an, Trinidad Torres eta Aritza Villaluenga ikertzaileek faunaren bilakaerari buruzko azken hitzaldia emango dute, Troskaetako hartzak abiapuntu hartuta.
Jarduera horiek guztiak doakoak dira, baina aurrez izena eman behar da telefonoz (943 18 03 35 edo 688 895 069) edo posta elektronikoz (barandiaran@gipuzkoanatura.eus).
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.