2024-2025 Liburu Gaztea lehiaketak baditu irabazleak
Gipuzkoako sari banaketa ekitaldia Tabakalerako Kutxa Fundazioa Kluba aretoan egin da asteazken honetan
Liburu Gaztea lehiaketako booktrailer hoberenak saritu dituzte asteazken honetan Donostian. Parte-hartzaileek Galtzagorri elkarteak beren adinerako proposatutako libururen bat irakurri eta lan horri buruzko booktrailerra egin dute. Galtzagorri elkarteak Gipuzkoako zein Bizkaiko Foru Aldundien laguntzarekin antolatzen du DBHko gazteei zuzendutako egitasmoa, gazteen artean irakurtzeko zaletasuna sustatzeko eta euskarazko gazte literatura zabaltzeko helburuarekin. Sari hau Gipuzkoan 2000-2001 ikasturtean jarri zen martxan eta duela hamaika ikasturte booktrailer lehiaketa bihurtu zen.
Lanak ikastetxeka edo norbanakoka aurkeztu dituzte. Honela, ikastetxeen kategorian, DBH 1-2 multzoan, Irungo Eguzkitza BHI ikastetxeko 'Txerri hegalariak' taldea izan da garaile, 'Artxipelagoa' (Elkar, 2023) liburuaren booktrailerrarekin. Komikiaren autore diren Xabier eta Martin Etxeberriaren eskutik jaso dute saria. DBH3-4 multzoan, Jesuitinas Donostia ikastetxeko ikasleek osatzen duten 'Lau gehi bost' taldeak 'Etsai gordea' (Elkar, 2013) liburuari buruz egindako booktrailerra izan da onena epaimahaiaren iritziz. Saria Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendari Nagusiaren eskutik jaso dute. Norbanakoen kategorian Nahia Elosegi Balentziagak 'Azken dantza New Yorken' (Elkar, 2020) liburuari buruz egindako lana izan da irabazlea.
Azkenik, Publikoaren Sariak ere ekitaldian eman dira jakitera. Guztira, 970 bozka bildu dira aurten. Ikastetxeen kategorian, Gipuzkoan, San Luis La Salle ikastetxeko Iraina taldeak irabazi du 115 bozkarekin, Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek idatzitako liburuaren booktrailerra eginez. Ane Abalde Kutxa Fundazioko Arte eta Ondare Zuzendariaren eskutik jaso dute saria. Eta norbanakoen kategorian, aldiz, Nahia Elosegi Balentziaga tolosarrak irabazi du berriz ere. Alex Gurrutxagak, Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak, eman dio saria.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.