Saninazio egun handia Altzon
NUÑEZ
ALTZO.
Asteazkena, 1 abuztua 2018, 00:08
Eguraldia lagun ospatu zuten atzo San Inazio eguna Altzon, herriko zaindariaren eguna. Usadioa jarraituz gauerdian San Inazio eresia jo zuten txistulariek eta segidan herriko gazteek dantzatu zuten. Fandango, arin-arin eta kalejirarekin eman zitzaion amaiera ekitaldiari Oxabi taldearen erromeria hasteko.
Era berean adin guztientzako ekitaldiak izan ziren. Haurrek ederki pasa zuten Eriz magoaren emanaldia, gustura parte hartuz magoari laguntzeko. Segidan, Frontoi Zaharreko Pelota Txapelketako finalak jokatu ziren Andre Mariaren elizako frontoian. Txikien mailan Alex Artetxek eta Lander Isastik irabazi zuten, eta Gailur Elduaien eta Unax Artetxe izan ziren azpitxapeldun. Gaztetxoetan Eñaut Elduaien eta Harkaitz Murua izan ziren garaile eta Mauro Bach eta Jokin Olano geratu ziren txapeldunorde. Gazteen mailan, Amets Uzkudunek eta Iker Zubeldiak irabazi zuten eta Andoni Iturrioz eta Mikel Goitia izan ziren azpitxapeldun.
Mus txapelketa
Aldi berean Mus txapelketa jokatu zen Elordi elkartean. Hamasei bikotek parte hartu zuten arratsalde guztian zehar ospatu zen txapelketan. Hiru eta bi emaitzarekin Andres Agirre eta Joxe Amianok irabazi zuten, eta Joxe Manuel eta Alfonsok osatutako bikotea izan zen bigarren, eta hirugarren Aitor Murua eta Xabier Zubeldia izan ziren.
Atzo goizean, berriz txakolin dastatzea egin zen plazan. Herritar ugari gerturatu ziren plazara txakolin ezberdinak edatera. Gainera, toka txapelketa ere antolatu zen plazan bertan, parte hartze handiarekin.