Pilar Legarra Kortajarena
Asteasuko alkate ohia
«Munduak dituen erronkei aurre egiteko elkartu egin beharko dugu»Alkate kargua utzi berritan, urte hauetan egindako lanari atseginez begiratzen dio
Azken hamalau urteotan Asteasuko alkate izan ondoren, kargua utzi du. Agur berezia jaso zuen herritarren eta udal taldearen eskutik. «Zentzu komunitario» batean oinarritu ditu bere pausoak eta hemendik aurrera ere herrigintzan parte hartzen jarraitzeko ideia du.
–Nolakoak izan dira azken asteak?
–Zurrunbiloa izan da. Nik sekula ez nuen pentsatuko horrelako agur bat. Taldearekin eta Udalean oso harreman ona izan dut. Izan zen plenotik atera eta 'beste gelara pasa behar dugu', eta derrepente gela lepo ikustea, ikusten nituen arpegiak, inguruko alkateak eta Tolosaldea Garatzenekoak, Tolomendikoak, Euskal Fondokoak... Jaso nituen maitasun hitzak harrituta, hunkituta... Oso polita izan zen gero barrez eta algaraz bukatzea Porrotxekin. Gero, herri mailan, herri afari bat antolatu zuten, 140 pertsona elkartu ginen. Izan zen momentu oso polita, oso goxoa, oso hunkigarria... Nola ez naiz joango eskertuta!
–Lasai zoazela adierazi zenuen.
–2011n esan nien «Udal honetatik nahi dut atera garbi». Garbi esan nahi dut ekonomikoki ondo, begiratzea udaletxera gero inongo minik gabe, eta lortu dut. Horregatik nijoa oso gustura. Egin dugu botere horren transferentzia malgua. Larraitz Alkorta eseri da bere tokian bi urteko egunerokotasunaren esperientzia bizituta. Horrek ematen dit niri ere lasaitasuna. Bera ere ondo ikusten dut, lasai, eta lana ondo egingo du.
–Hasi zinenean espero zenuen horrelako ibilbidea?
–Nik sekula ez nuen pentsatu politika munduan egotea. Baina 2011n proposamenak jasotzen hasi nintzen. Aurretik tentaldiren bat izan nuen alderdi ezberdinetatik. Pixka bat bazegoen garai hartan aldaketarako nahi bat. Horrela hasi nintzen batekin eta bestearekin hitz egiten eta sortu genuen herri plataforma independente bat. Egia da baldintza batzuekin: talde euskalduna, ezkerrekoa... Emaitzak oso onak izan ziren. Hurrengo legegintza etortzen da eta, badakizu, jarraitu. Eta, beste bat ere etorri, eta jarraitu. Eta, laugarrenakoan, adostu genuen nik erdi bat egingo nuela, formatuko dut nirekin bi urte horietan zerrendako hurrengoa eta utzi egingo dut. Hamasei urte asko dira, 14 pasa ditut. Sentsazioa daukat baita ere nahikoa dela. Herritarrak ere behar dute aldaketa.
«Herritarrek udal gobernuetan parte izan eta iritzia emateko aukera izan behar dute»
–Proiektu nahiko sortu dituzue.
–Esango nuke gure herrigintzako urte hauetan obrak egitea ez da izan nahi berezi bat, baina egin direnak, denak zentzu komunitario batetik egin dira. Esan nahi dut: gazteei begira jartzen baginen ezin genuen errepikatu aurreko urteetako egoera. 2011 aurretik asko eraiki zen, baina eraiki ziren bilak gehienbat. Gure gazteek ezin dituzte horrelako etxeak erosi. Horregatik bultzatu genituen etxebizitzak Asteasun egitea gure gazteei zuzenduta. Eraiki genituen etxe libreak, baina horko sarrera zen guk erregulatu genuena. Horrekin, lortu dugu herriko jendea geratzea eta gazteak aukera izatea bere herrian bere bizimodua egiteko. Eta herriak zer irabazten du? Bere zerbitzuak mantentzea, eskola bat mantentzea, umeak izatea... Hori karro bada, gauza batek eragina du beste gauzetan. Plaza berritu genuen, baino plaza bihurtu da elkargune puntu garrantzitsua. Aurreko plazak ez zuen hori ahalbideratzen bi errepidek gurutzatzen zutelako. Zentzu berdinarekin kultur etxe berri bat egingo da. Zergatik kulturetxe berri bat? zeren Asteasuko udalak dituelako hainbat eraikin dispersuak. Hori dijoa sostengarritasunaren aurka. Ez du elkargune bat sustatzen. Egin genuen prozesu parte hartzaile oso polita. Eraikiko den diseinua eta dena hor erabaki zen. Elkargune puntu bat izango da, adibidez, adinekoak biltzeko gaur egun ez daukate toki natural bat, kulturetxeak emango die espazio hori, ume txikiekin egoteko amak ere. Horregatik, gure obren zentzua ez da izan inbertsio potente haundiak egitea.
–Komunitatearen garrantzia azpimarratzen duzu.
–Horrek eskatzen du herritarrak udal gobernuetan parte izatea, iritzia emateko aukerak izatea. Esan nahi du baita ere herritarrak ardura gehiago hartu behar dutela beraiei gertatzen zaizkien gauzetan, eta ez udalak bere aldetik gauzak erabakitzea. Parte hartzea oso garrantzitsua da. Parte hartzea jaitsi dugu haurretara eta oraintxe eskolan proiektu pilotoa jarriko dugu 'kanal iraunkorra' deitzen zaiona, non umeek espazio konkretu bat edukiko duten bere iritziak udalari luza-tzeko, bere herriko gauzetan parte hartzeko.
–Komunitatea, migratzaileak ere kontuan hartuta...
–Migrazioaren gaia herri guztietako gaia da, eta horri ere begirada bat ez badiogu jartzen gainera etorriko zaigu. Garrantzia du kultura ezberdinak elkar bizitzen ari garelako eta horrek eragina duelako euskeraren erabileran adibidez. Horregatik urtea daramagu 'Mundu bat Asteasun' izeneko programari bultzada ematen. Hiru talde daude lanean. Egiten dugu urtero festa bat herriko nazionalitate ezberdinetako janaria konpartitzeko horrek ere elkar juntatzen gaituelako. Sortu dugu talde bat harrera egiteko, ez bakarrik ofiziala, harrera komunitarioa.
–Berdintasuna ere hasieratik landu zenuen.
–Ni emakume izanik garrantzia handia eman diot. Asteasu Berdinbidean diputazioko programan hasieratik, 2011z geroztik, barne gara eta hainbat programa bultzatu ditugu emakumeen ahalduntzerako. Gazteen protokoloa landu genuen baita ere indarkeria matxista lantzeko. Hainbat gai daude transbersalak mahai gainera ekarri behar direnak. Udala ez dago bakarrik kaleko zuloak tapatzeko; hori noski, baina hainbat gaietan begirada jarri behar du, eta hortan jarri dugu indarra asko.
–Zein izan da erronka handiena urte hauetan?
–Niretzako ez da erronka bakarra izan. Nire kezka garrantzitsuetako bat izan da, hasieratik ikusten nuena, herri giro hori aldatzea. Hasiera batean talkatik abiatutako giro bat somatzen zelako kalean. Gure Euskal Herri maitatu honetako giroa da, badirudi talkatik hitzegiten ikasi dugula eta niretzako hori, hain herri txikia izanik, oso mingarria egiten zaidan gai bat da. Iruditzen zait herrigiro hori aldatu dela, pentsatuko ez genuen jendea hurbiltzen ikusi dugu urte hauetan. Benetan sensazioa daukat gaur herrigiro askoz hobea dagoela. Zentzu horretan ni gustura noa momentu honetan.
–Komunitate izaera baita eskualdean.
–Ni asko saiatu naiz Asteasuk presentzia izan dezan hainbat forotan. Asko parte hartu dut Aldundiko hainbat departamentuetako foroetan, sortu diren gauza horietan Asteasuren presentzia egotea. Nola ez eskualdeko foroetan, Tolosaldea Garatzen eta Mankomunitatea dira bi erakunde potente gure eskualderako, eta parte hartu dut benetan sinisten dudalako eskualde izaera batean. Gaur egungo munduak dituen hainbat eta hainbat erronkari ezingo diogu aurre egin banaka, elkartu egin beharko dugu. Herri barruan elkartu beharko dugu, baina eskualdea izan leike egitura polit bat. 28 herri gara, uste dut eskualde honek potentzialitate dexente dituela, elkartuta eta hitz eginez, eta entzumen zintzo batetik. Entzumena sekula ezin da egin besteari begira jarri eta zu zure buruan erantzuna pentsatzen ari bazara. Hori ez da entzumena.
–Hemendik aurrera zein asmo duzu?
–Asmoa dut pixka bat udalgintzan parte hartzeko. Ez da Udaletik bakarrik egiten, kaletik ere egin daitezke hainbat gauza eta jarraitu nahi dut parte hartzen herritar bezala. Pixka bat zentratu nahi dut aurrerantzean zain-tzaren gaiaren lanketan. Irudi-tzen zait hor asko daukagula egiteko. Gizartea zahartzen eta aldatzen ari da, eta zaintza ez da bakarrik hirugarren adinekoekin pentsatu behar den gaia; umeekin eta behartuekin mila aspektu ditu. Pandemiak erakutsi zigun gizartea zein azkar geratu daitekeen eta zaintza zein garrantzitsua izan zen momentu hartan gizarte oso bat sostengatzeko.