Lazkao
Deialdi jendetsua eta giro aparta Kilometroak 2026 antolatzeko lehen bileran LazkaonIa 200 lagun elkartu ziren Kilometroak 2026ren helburuak definitzeko eta urriaren 4ko jaialdiaren ildo nagusiak adosteko
Kilometroak 2026 jada martxan da, eta lehen urratsa sendoa izan da. San Benito Ikastolak eginiko lehen deialdiak erantzun zabala jaso zuen: ia 200 lagun bildu ziren Kilometroak jaiaren 50. edizioa prestatzeko lehen bileran. Parte-hartzaileen artean herriko eragile nagusiak, irakasleak, gurasoak eta hainbat herritar izan ziren, denek helburu berarekin: 2026ko urriaren 4an Lazkaon ospatuko den jai erraldoia martxan jartzea.
Topaketa San Benito Ikastolan bertan egin zen, eta bertan eztabaidatu zituzten jaiak izan beharko lituzkeen norabideak eta eduki nagusiak. Kilometroak jaiaren lehen edizioa 1977an egin zen, Beasain eta Lazkaoren artean, eta 50 urte geroago, jaiaren jatorrira itzuliko da ekimena, zirkulua itxiz eta ikastolen aldeko mugimenduari jarraipena emanez.
Bilera honetan, Kilometroak 2026k izango dituen hiru ardatz nagusiak finkatu ziren. Lehenik, Lazkaoko hezkuntza komunitate osoaren atxikimendua sendotzea da helburua, ikastolak herrian duen oinarria indartzeko. Bigarrenik, 1977ko lehen edizioaren espiritua berreskuratzea planteatu da, baina egungo gizartearen beharretara egokituta. Eta hirugarrenik, jaian batuko den dirua San Benito Ikastolako lehen hezkuntzako eraikina berritzeko erabiliko da, hezkuntza proiektuari jarraipena eta kalitatea bermatzeko.
Ion Martinez ikastolako zuzendariak adierazi zuenez, «50 urteren ondoren Kilometroak berriz gurean izatea oso pozgarria da, erakusten duelako ikastolaren proiektuak sendo jarraitzen duela eta giltzarri izango delako aurrera begira ere, proiektua indartzen jarraitzeko.» Irantzu Amundarain, ikastolako lehendakariak, azpimarratu zuen 'aukera paregabea' dela herri osoaren parte-hartzearen bidez elkartasuna erakusteko eta ikastolaren egitasmoa herrira zabaltzeko.
Aurten, Elgoibarren ospatuko da Kilometroak jaia, eta egun horretan hartuko du ofizialki lekukoa Lazkaok, 2026ko antolaketa bere gain hartuta eta jaia ospatzeko gogoz.