Larraul
Herriko jaiez gozatzeko hiru egun bizi aurretikMusika, kirola eta herri giroa protagonista izango dira herriko jaietan asteburuan
Larraulgo herriak jai giroan murgiltzeko hitzordu berezia du aurretik datozen egunetan, gaurtik igandera bitartean, eta abuztuaren 24an, San Bartolome egunez, festa egun berezia izango da amaiera biribila emateko.
Jaiak gaur hasiko dira Pello Joxeperen jaitsiera eta txupinazoarekin, buruhandien eta Lasko txaranga laguntzaz. Ondoren, haur eta gaztetxoentzako ur jolasak eta bazkaria egingo dira. Arratsaldean, puzgarriak eta Bea Larrañagaren 'Bonba bat naiz' ikuskizunaz gozatu ahal izango da, eta jarraian, herri kirolak izango dira ikusgai. Iluntzean, barrikotea, musika girotutako bingo saioa GPtXo! taldearen eskutik eta erromeria 'Bada giro' taldearekin.
Bihar larunbata, kirola eta gastronomia izango dira ardatz nagusi. Goizean pilota partidak jokatuko dira haur eta afizionatuen artean, eta sagardo dastaketa batek girotuko du eguerdia. Eguerdiko toka txapelketaren ondoren, 14:30ean paella jana egingo da, eta arratsaldean mus txapelketa izango da. Gaueko unerik berezienetako bat herri afaria izango da, Ostatuaren eskutik antolatua, eta gaua 'Adarrak DJ' taldearen saioarekin borobilduko da.
Igandean berriz, euskal kulturaren erakusleiho izango da. Eguna meza nagusiz hasiko da, eta aldi berean haurrentzako ginkana bat antolatuko da. Eguerdian, hamaiketako herrikoia izango da, eta arratsaldeko 18:30ean bertso saio berezia eskainiko dute Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Alaia Martin eta Unai Mendizabalek, Igotz Alkortak jarritako gaiei erantzunez. Ilun-tzean 'Izer eta Alabier' trikitilariek alaituko dute plaza, eta jarraian barrikotea banatuko da.
Azken festa eguna abuztuaren 24an izango da, San Bartolome eguna ospatuz. Goizeko meza nagusiaren eta hamaiketako herrikoiaren ondoren, arratsaldean euskal dantza lehiaketa jokatuko da, Herritarren arteko dinamikan. Ondoren 'Ansorregi eta Larrañaga' trikitilarien musikaz girotuko da herria, karretila zozketa egingo da eta sardina jana izango da egunari amaiera emateko.