Tolosa Goierri
Hernialdeko XXIV. Rolleski Igoera antolatu du Alpiko Uzturre Kirol TaldeakAurten ere, skating zein estilo klasikoan osatu ahal izango da eta izena emateko epea irekita dago
Alpino Uzturre Kirol Taldeak XXIV. Hernialdeko Rolleski Igoera antolatu du urriaren 18erako, larunbata. Parte har-tzea doakoa izango da edizio honetan ere eta igoera osatu nahi dutenek izena eman beharko dute Alpino Uzturre elkartean Tolosako Gudari kalean, alpinouzturreeskitaldea@gmail.com helbide elektronikora idatzita edo 655 713 562 telefonora deituta, arratsaldez.
Aurten ere, bi modalitatetan, skating zein estilo klasikoan, osatu ahal izango da Hernialdeko Igoera. Skating kategoriako parte hartzaileak Tolosako Belate auzotik irtengo dira 16:00etan eta guztira 4 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Hernialdeko plazaraino iritsi arte. Lehenengo 800 metroak lauak dira, Hernialdeko Bentara bitartean, eta ondorengo 3,2 kilometroak igoeran, 225 metroko desnibelarekin.
Bost minutu beranduago aterako dira estilo klasikoko partaideak Hernialdeko Bentatik. Kasu honetan 3,2 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Infantilek, berriz, 1,5 km-ko igoera egingo dute, klasiko eran soilik. Hauek igoera erdialdean dagoen Anoetara joateko bidegurutzetik aterako dira, ohi bezala, 16:10ean.
Hala ere, parte hartzaile guztiek Belate auzoan Alpino Uzturre elkarteak jarriko duen postuan egon beharko dute 15:30erako, norberak bere dortsala har-tzeko. Ondoren, bakoitza bere irteera puntura abiatuko da. Lasterketaren baitan kaskoa eta betaurrekoak janztea derrigorezkoa izango da. Proba amaitu ondoren antolakuntzak merienda batera gonbidatuko ditu parte hartzaileak eta hauen jarraitzaileak.
Ondoren, sari banaketa egingo da. Maila bakoitzeko lehen hiru sailkatuek, gizonezko zein emakumezko mailan, jasoko dute saria. Imanol Rojok du probako errekorra, iaz igoera 11 minutu eta 41 segunduan egin zuenean, skating eran. 2022tik berak zuen errekorra hautsi zuen hamabi segundoan.