Gaur irekiko da berriro Gazteluko Ostatua
YARZA
Osteguna, 28 uztaila 2022, 00:05
Azken urteetan itxita egon ondoren, gaur irekiko ditu ateak berriro Gazteluko Ostatuak Maite eta Nuria Ramos ahizpen eskutik. Aurrerantzean asteazkenetik igandera irekiko dute, goizeko 10:00etatik aurrera. Astegunetan gaueko 22:00ak arte eta asteburuetan gauerdira arte.
Biak ostalaritza aski ezaguna dute. «Familiak beti ostalaritza munduan lan egin du, aiton-amonek ere taberna eduki zuten. Leku ezberdinetan lan egin ondoren, Andoaingo Aterpe taberna daramat gaur egun», azaltzen du Maitek, eta orain Gazteluko Ostatuaren kudeaketaren ardura hartu du.
Maite Ostatuko tabernan egongo da eta Nuria sukaldean arituko da lanean. Egunero ogitartekoak, hanburgesak, plater konbinatuak zein eguneko menua emango dute, baita asteburuetan karta ere.
Udalak eraberritze lanak egin ditu Ostatuan azken hilabeteetan eta irudi berritua estreinatuko dute Maitek eta Nuriak. Izan ere, Gaztelu betidanik egon izan da herri-kirolari lotua eta orain kirolari ezberdinen erremintekin erakusketa antolatu dute, eta tabernan herri-kirolari lotutako argazkiak daude ikusgai.