Gabiriako festak amaitu dira betiko giroa berreskuratuz
ARANTZAZU BAZTARRIKA
Igandea, 21 abuztua 2022, 00:10
2022ko Gabiriako festak amaitu dira. Behingoz, betidanik ezagutu ditugun festen kutsua izan dute. 10ean San Lorentzo eguneko ospakizunekin hasi ginen herrian festa giroan sartzen, eta 13an txistulariek etxez etxe festen hasiera ofizialari sarrera eman zioten.
Plazara iristerakoan, makila udaletxera jaitsi zuten eta Goruntz dantza taldeko ordezkariek pregoia egin zuten. Izan ere, Goruntzek aurtengoan 50 urte bete izanaren ospakizuna egingo du urriaren 8an, larunbata. Hortik aurrera, festa giroa nagusi izan zen 17ra arte.
Kontzertu, antzerki, bertso, jolas, dantza eta abarren artean gozatu ahal izan zuten gabiriarrek zein bertara gerturatutako guztiek. 15ean, mozorro lehiaketa berreskuratu zen. Horrez gain, 28. Txirrindularitza lasterketa izan zen Ormaiztegitik abiatuta Gabiriako kaskora arte. Adin guztietako neska-mutilek parte hartu zuten bertan. Lehendabizi Jokin Matxinandiarena iritsi zen helmugara. Lehen emakumea Naiara Peñagarikano izan zen. Parte-hartzaileen artean sari ugari banatu zen.
Beste lau txapelketa ere izan ziren Gabiriako festetan. Tokan, 15 eta 16 egunetako batez bestekoak kontuan hartuta, Jose Amundarain eta Martxeli Karflanka izan ziren garaile, lehen herritarra Iñaki Osinalde izan zen. Bolatan, berriz ere, Naiara Peñagarikanok eskuratu zuen garaipena emakumezkoetan, eta Joxe Maizek gizonezkoetan. 17an jokatutako tiragoma txapelketan, berriz, Haritz Maizek irabazi zuen gizonezkoetan, eta Idoia Aiztibelek emakumezkoetan. Azkenik, arratsaldeko txistor onenaren garaikurra Paulo Muruaren harategiak jaso zuen.
Asteazkenean, hilaren 17an, ohiturari jarraituz, Joselu anaie-kin esan zitzaien agur aurtengo festei, eta hurrengo egunean herritarrak berriz ere bildu ziren herria txukun-txukun uzteko.