Tolosa Goierri
Eduardo Tormoren omenezkoa izango da gaztetxoentzako Gabonetako Pilota TopaketaAurtengo edizioan parte hartu nahi duten gaztetxoek izena emateko epea irekita dute iada
Amaia Núñez
ALEGIA.
Asteazkena, 19 azaroa 2025, 20:10
Intxurre Pilota Eskolak Gabonetako Pilota Topaketa antolatuko du 23. urtez. Aurtengoa berezia izango da, urrian hil zen Eduardo Tormoren omenez egingo baitute. Tormo urte askoan izan zen Alegiako eskolako irakasle eta herrian pilotaren eta Topaketaren sustatzaileetako bat izan zen. Horregatik, antolakuntzak Gabonetako Eduardo Tormo Pilota Topaketa izendatu du.
Parte hartu nahi duten gaztetxoek izena emateko aukera irekita dute dagoeneko. Abaltzisketa, Alegia, Altzo, Amezketa eta Ikaztegietako ikastetxeetan zabalduko dira izena emateko orriak. Benjamin-aurrekotik kadete mailara bitarteko pilotariek jokatuko dute. Zalantzak argitzeko edo informazio gehiagorako udakopelotaeskola2021@gmail.com helbidera idatzi beharko da.
Talo tailerra
Abenduaren 3an, Euskararen Eguna ospatzeko ekitaldien baitan, talo tailerra egingo da 18:00etatik aurrera plazan. LH1etik aurrerako haurrei zuzendutako ikastaroa izango da eta parte hartu nahi dutenek azaroaren 26ra bitartean dute izena emateko epea irekita, udalaren webgunean edota kartelean dagoen estekaren bidez.
Bakarrizketa bertan behera
Bihar Laura Penagosek 'Putaren bakarrizketa eroetxean' antzezlana eskaini behar zuen zinean. Osasun arrazoiak tarteko, ordea, ekitaldia bertan behera geratu da.
Erakusketa
Hilabete honetan Zizurkilgo Bookfaceko erakusketa dago ikusgai liburutegian. Irudi hauek aurpegiak edo gorputzeko atalak dituzten liburu-azalez osatuta daude. Argitalpenak aukeratu ondoren, Zizurkilgo liburutegiko arduradunek irudiak osatu zitzaketen pertsonak bilatu zituzten, ondoren biak uztartuz argazkiak ateratzeko. 30 obra baino gehiago osatzea lortu zuten eta emaitza hilaren amaierara arte ikusi ahal izango da, astelehenetik ostiralera 16:30etik 19:30era.