Bolumen handiko traste zaharren bilketa egutegia argitaratu da
Hilabeteko lehen eta hirugarren astelehenetan jasoko dirax
A.N.
Larunbata, 31 abendua 2022, 00:16
Bihar hasiko den urte berrian traste zaharren bilketa egutegia argitaratu du Sasieta Mankomunitateak. Horrela, bolumen handiko trasteak hilabeteko lehen eta hirugarren astelehenetan jasoko dira 2023an. Datorren astelehena, urtarrilak 2a, izango da lehen eguna eta urtarrilaren 16a, hurrengoa.
Traste hauek zehaztutako egunetan 21:00etatik aurrera utzi beharko dira beiraren edukiontziaren ondoan, oinezkoen pasabidea oztopatu gabe eta edukiontzian apoiatu gabe. Bertan altzariak, koltxoiak, etxetresna elektrikoak (garbigailuak, hozkailuak, ordenagailuak, telebistak...) eta tamaina handiko bestelako traste erabilezinak jasoko dira.
Gainontzeko hondakinak Garbigunera eraman behar dira, hau da, eskonbroak eta obratako bestelako hondarrak (tarima, bainuontzi, komunontzi, baldosa, azuleju...); kristalak, ispiluak, eta objektu ebakitzaileak; hondakin arriskutsuak (bateriak, fluoreszenteak, pinturak...); gurpilak; egurrezko paletak; arropa, jostailuak eta etxebizitza nahiz garajeetako garbiketako hondarrak.