Ozaita: «Euskararen tresna guztiak erabiltzen jakingo bagenu, hiztun osoak izango ginateke»
Ikerketa berri batek Tolosaldeko gazteen hitanoaren egungo erabilera aztertu du, eta hamabi gazteren egoera oinarri hartuta
ELENE ARANDIA
Jueves, 3 de diciembre 2015, 00:37
Tolosaldean egindako ikerketa baten bidez, gazteen artean hitanoaren egoera nolakoa den aztertu du Josu Ozaita antropologoak (Ibarra, 1980). 'Hurbilpen bat Tolosaldeko gazteek hitanoari buruz duten pertzepzio, diskurtso eta praktikara' izenpean, Bat soziolinguistika aldizkarian argitaratu du lana, eta orain arte hitanoaren inguruan eskualdean egin den lehen ikerketa da. Ozaitak Antropologia ikasketak amaitu ditu EHUn, eta gizarte eta kultur antropologia masterra egiten ari da egun. Interes pertsonalak eta etorkizunera begira hizkerak galtzeko duen kezkak bultzatuta, bereziki, gazteen begietatik ikusi nahi izan du egoera, eta hitanoaren berreskurapenean zein berpiztean giltzarri diren ideiak proposatu ditu.
-Has gaitezen amaieratik. Zer ondorio atera dituzu ikerketa-lanetik?
-Kontuan izan behar da ikerketaren lagina txikia dela, gazteen egoeran sakondu dudala, eta ez dudala hizkeraren erabilera orokorra aztertu. Lehen ondorioa da hezkuntzan ez dela ia hitanoa landu, orain ere ez, eta landu den eskoletan, metodologia zaharkitua erabili dela. Esan daiteke egungo metodologia orain hogei urteko berdina dela; oraindik orain, aditzen taula erabili ohi da.
-Eta noiz ikasi dute, haurtzaroan edo batxilergora bitartera?
-Ez dakit ziur. Baina, orokorrean, ondorioztatu dudanez, ez zaio garrantzi berezirik eman hitanoa erakusteari, eta egun ere ez zaio behar adina arreta eskaintzen. Gehienez, bi egunetan ikusten den atala da. Salbuespen bat dago, ordea. Entzun dudanez, Hirukide Eskolapioetan, ba omen zegoen irakasle bat sentsibilitate berezia zuena hitanoarekiko. Modu berezian lantzen zuen eskoletan, eta ikasleen artean bultzatu.
-Jarraitu ondorioekin...
-Hitanoak aurrera egin badu orain arte, gazte erabiltzaileek funtzioa bilatu diotelako da; hain zuzen, euskara erabiltzeko gertutasuna eta hizkera informala. Hitanoa erabiltzea bidezidor bat hartzea bezala da gertutasuna, konfiantza momentuan lortzeko. Bestalde, bereizketa egin dut landa herri eta herri handien artean. Ikusi dudanez, herri txikietan transmisioa egon da, ezagutza nabari daiteke eta erabilera nahiko orokortua da mutilen artean gehienbat, baina Tolosa bezalako herri handietan, berriz, ez da egon ia transmisiorik. Eta azken ondorio gisa, generoaren bereizketa aipatu behar da. Nokaren, nesken arteko hizkeraren, egoera oso larria da, galbidean dago. Esan bezala, transmisioa gehienbat herri txikietako mutilen artean eman da, eta noka zirkulu oso murritzetan erabiltzen da, gehienbat helduen artean, eta zenbait neska gaztek hitanoa erabiltzen dute, baina mutilen erara. Arrazoia izan daiteke euskarak, oro har, generoa bereizten ez duela, eta, beharbada, gazteek ez diotela garrantzia ematen generoa bereizteari, berdintasuna bilatzen dutelako.
-Gaztelaniaz, ordea, joera kontrakoa da, geroz eta gehiago bereizten da generoa, ez?
-Bai, bitxia da. Euskaraz, ordea, hitanoak bakarrik egiten du bereizketa, eta badirudi hizkerak artifizialtasun kutsua hartzen duela. Pena da, emakumeen espazio hori galtzen ari delako. Garai bateko arauak apurtzen ari dira pixkanaka, hitz egitean ez delako mailaketa sozialik egiten, eta helduak aldaketa onartzen ari dira. Guraso eta seme-alaben arteko harremanean, adibidez, normaltasunez erabiltzen da. Bestalde, gazte batek aipatu zidan orain dela zenbait urte larria izango bazen ere, Berastegiko apaizak hitanoz hitz egitea eskatzen diela egun gazteei, ilusioa egiten baitio ikusteak hizkera mantentzen dela!
-Nolakoa izan zen prozesua?
-Ikerketaren izenak dioen moduan, Tolosaldeko gazteek hitanoari buruz duten pertzepzioa, erabilera eta, oro har, errealitatea ezagutu nahi nituen, eta horretarako, hamabi gazte elkarrizketatu nituen: lau tolosarrak ziren, eta gainerakoak Ibarra, Berrobi eta Berastegikoak.
-Hitanoa ez da behar bezainbeste bultzatu. Zergatik?
-Euskalgintzatik batua indartzeko apustu interesgarria egin da, baina euskalkiak eta hitanoa alboratu samar gelditu dira. Orain egoera bestelakoa da, eta behin batua egonkortu, zabaldu dela, uste dut hezkuntza eremuan beste fase batean sartu beharko ginatekeela. Horren harira, hitanoaren erabilpenerako tresnak bultzatu beharko lirateke, hizkuntzaren erabilpenerako lagungarri izan daitezkeelako. Azken finean, euskara batua tresna bat da, eta bere funtzioa du. Euskalkiak beste horrenbeste, eta hitanoa ere hizkuntzaren tresna gisa ulertu beharko genuke. Euskararen tresna guztiak erabiltzen jakingo bagenu, hiztun osoak izango ginateke. Kaleko erabilera indartu behar da.
-Egin al da inoiz erabileraren azterketa sakonik eskualdean?
-Estatistikoki, ez dakit erabilera zenbatekoa den, ikerketa hurbilpena besterik ez delako. Lehendik ez da hitanoaren erabilerari buruzko ikerketarik egin eskualdean. Badakit beste hainbat azterketa egin direla, baina orokorragoak izan dira, eta betiere Euskal Filologiatik habiatuta egin dira, ez Antropologiatik. Hori dela-eta, hein handi batean, badirudi hitanoa desagertzeko zorian dagoela. Jakingo bagenu Tolosaldean hitanoa biztanleriaren % 30ak soilik erabiltzen duela, beste sentsazio eta ikuspegi bat izango genuke.
-Euskaldunak konplexua sentitu al du hitanoz hitz egitean?
-Bai, baina bi ikuspegi daude. Herri txikietako jende ugarik 'baserritar' edota 'kaxero' deituren konplexua izan du, eta askok hizkera ezkutatu dute, ez diete ondorengoei transmititu, gizarteak gutxietsi egin duelako. Baina, era beran, badago hitanoa bere identitarearen parte dela sentitzen duenik ere.
-Nola bultzatu daiteke erabilera?
-Azpeitia eredugarria da lan horretan. Umeek programa informatikoen bitartez ikasten dute, ikaskuntza jolas moduan planteatzen da; eta helduek, aldiz, eguneroko egoera errealetan, aisialdian eta modu praktikoan lantzen dute. Horrekin batera, uste dut hitanoak bide berriari ekin diola. Hizkeraren berezko arauak apurtzen ari dira pixkanaka, ez soilik generoaren aldetik. Garai batean, ezin zen gurasoei, apaizari eta pertsona helduei hitanoz hitz egin. Gaur, ordea, ilusioa egiten die hitz egiten dela entzuteak. Akaso, gazteek ez dute mailaketa soziala hizkuntzan islatu nahi. Berdintasunerako joera handiagoa da.