Lehenengo hitza euskaraz, ikerketa eta teknologia arloetan ere
Rikardo Bueno BRTAko zuzendari nagusiak erakundea osatzen duten 17 zentroetan euskararen alde egiten den lanaren berri ematen du
Jueves, 1 de diciembre 2022, 16:58
Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundea 2019an sortu zen, eta hura osatzen duten 17 ikerketa-zentro edota zentro teknologikoen helburu nagusia da Euskal Herriko industria eta enpresen beharrei eta erronkei erantzutea, zientziatik eta teknologiatik abiatuta. Azken finean, gizartearen beharrei erantzunak emateko eta industriari konponbide lehiakorrak eskaintzeko lanean dihardu.
«Euskal Herriko enpresekin egiten dugu lan batik bat -dio Rikarko Bueno BRTA erakundeko zuzendari nagusiak- eta enpresa horietako askoren lan-hizkuntza euskara da». Hori dela eta, «BRTAtik lehenengo hitza euskaraz egiten saiatzen gara eta hortxe hasten dira komunikaziorako hizkuntza-ohiturak. Izan ere, ikerketa alorrean edota enpresa munduan dabilen jendearekin, eta gizartean oro har, eragin handia du harremanak nola hasten diren», gehitu du erakundeko zuzendariak.
Hizkuntza-ohitura horiek ahalik eta ingurune zabalenean eta arlo guztietan mantentzea da erronka: zientzian, teknologian, ikerketan… erronkaz-erronka. Gaur egun, talentua sortzeko, mantentzeko eta erakartzeko erronka ere handia da. Zer egin behar dute euskal enpresek talentuko pertsona horiek erakartzeko eta mantentzeko? «Gazte euskaldun bati lan-bizitza euskaraz egiteko aukera eskaintzen badiogu, horrek balio erantsia ematen diola uste dut, eta aldi berean, enpresa erakargarriagoa bilakatzen duela», azpimarratu du Rikardo Buenok.
Hizkuntza-ohiturak astintzen
Bestalde, ikerkuntza eta teknologiak inoiz baino egiteko garrantzitsuagoa dute gaur egun gure gizartean. Horrenbestez, «BRTAko 17 zentroetan egiten den ikerketari eta teknologiari buruzko informazioa modu arduratsu eta ulergarrian zabaltzea ezinbestekoa da. Zergatik ez euskaraz? Ikerketaren arloan eta teknologiaren garapenean euskaraz lan egitea zilegi dela jakin badakigu. Beraz, euskal gizarteak informazio hori euskaraz jasotzea lehenesten dugu BRTA erakundean», adierazi du Rikardo Buenok.
Beraz, horiek guztiak eta gehiago lortzeko, hizkuntza-ohiturak astindu ditzagun, baita ikerketa eta teknologia arloetan ere!
BRTA
-
Helbidea Kurutz-Gain Industrialdea, 10 - Mendaro
-
Telefonoa 943 05 33 25
-
Webgunea www.brta.eus