'Zerrenda' hautatu dute urteko hitz
Gazako zerrenda toponimoaren ezohiko protagonismoak bide eman du «lursail luze eta estua ere badela gogoratzeko» Euskaltzaindiarentzat eta UZEIrentzat
2023a amaitzen ari da eta ohikoa da atzera begiratu eta balantzea egitea. Zerrendak. Gertaera mordoa utzi dituen urtea da, zoritxarrez denak ez onak edo alaiak, eta horietako askok oihartzun handia izan dute gainera, esaterako Palestinatik iristen ari diren albiste lazgarriak. Horien harira 'Gazako zerrenda' toponimoa hainbat lerroburutan izan da urritik hona eta, hala, Euskaltzaindia eta UZEIk 'Zerrenda' hautatu dute urteko hitz bezala.
Hamarkada bat baino gehiago joan da euskararen akademiak zerrenda forma arautu zuenetik eta oharrak dioen bezala «lursail luze eta estua' adierako lekukotasun ugari daude jasota Euskaltzaindiaren hiztegi historiko deskriptiboa den Orotariko Euskal Hiztegian, euskarak bere-bereak baititu, adibidez, lur-zerrenda eta pareko esamoldeak (gauzen edo izenen segida batekin zerikusirik ez dutenak). Ez da, beraz, adiera berria, inondik inora».
Baina 2023an, eta esan bezala urritik hona, ezohiko protagonismoa erdietsi izana izan da erabakia bultzatu duena. «bide eman du euskarazko zerrenda hitzak 'lursail luze eta estua' adiera ere baduela gogoratzeko», azpimarratu dute. Izan ere, hiztun gehienentzat lehen adiera ez da hori, baizik eta hiztegi arauemailean jasota dagoen beste hau: 'bata bestearen ondoren kokaturiko gauzakiez, eta bereziki bata bestearen azpian ezarririko izenez, osatutako multzoa'. Esate baterako, gai-zerrenda, itxaron-zerrenda eta zerrendaburu hitzak oso ohikoak ditugu eguneroko hizkeran.
Are gehiago, inguruko hizkuntzetan Gazako zerrenda esamoldeak dituen ordainekin ez bezala, euskarazko moldeak bide eman du zerrenda hitzaren adiera hori –hiztun batzuek agian hain barneratua ez zutena– ezagunagoa izan dadin. Beste adiera bat ere badu hitzak, hain zuzen marrazkilariek egunkarietan eta aldizkarietan argitaratzen dituzten formatu luzeko marrazkia.