Osasun Zientzien irakaskuntza eta ikerketako lankidetza eguneratu dute Osakidetzak eta EHUk
Adostasunak 530 irakasle ikertzaile baino gehiagorengan izango du eragina, baita Osakidetzaren instalazioetan graduko ikasketak egten dituzten 2.700 ikasleengan
Asteartea, 22 otsaila 2022, 12:37
Osakidetzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmena izenpetu dute Osasun Zientzien irakaskuntzan eta ikerketan bi erakundeen artean dagoen lankidetza esparrua eguneratzeko eta Euskadiko asistentzia azpiegitura publikoak alor horietan erabiltzeko. Aurreko dokumentua 2008koa zen eta Gotzone Sagarduik, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, zein Eva Ferreirak, UPV/EHUko errektoreak, funtsezko jo dute adostasuna osasun arloko azpiegiturak unibertsitate jardueretan erabiltzeko.
Akordio honi esker azken urteetan sortutako titulazio guztiak haren erregulazioan sartuko dira, baita Osakidetzaren zentro berriak ere (ospitaleak edo lehen mailako arreta zentroak). Gainera, doktorego tesiak ez ezik, gradu eta master amaierako lanak ere egiteko erabili ahalko dira instalazioak. Adostasunak 530 irakasle ikertzaile baino gehiagorengan izango du eragina. Ikasleei dagokienez, 2.700 ikaslek baino gehiagok egiten dituzte graduko ikasketak Osakidetzaren instalazioetan. Hauetan, egun, EHUk hainbat gradu irakasten ditu. Besteak beste: Medikuntza, Erizaintza, Fisioterapia, Odontologia, Farmazia, Psikologia, Giza Nutrizioa, Dietetika; Farmazia + Giza Nutrizioa eta Dietetika gradu bikoitza, bederatzi master ofizial eta berezko hamar titulu.
Hitzarmena hedatuko da Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen Erakunde Sanitario Integratu (ESI) guztietara, eta haien ospitale, lehen mailako arreta zentro eta kontsultategietara.
Hitzarmenaren helburu espezifikoak dira Osakidetzaren baliabideak gehiago eta hobeto erabiltzea EHUk Osasun Zientzien alorrean irakasteko eta ikertzeko; elkarlanean aritzea osasun langileen eta irakasleen kualifikazioaren garapenean; irakaskuntza indartzea graduondokoetan; irakaskuntza praktikoa erraztea; eta ikerketa bokazioak sustatzea.