2021eko Euskadi Ikerkuntza Saria, Nekane Balluerkarentzat
EHUko errektore ohiaren ikerketa karrera nabarmena eta lidergo zientifikorako duen gaitasun bikaina aho batez nabarmendu du epaimahaiak
DV
Ostirala, 27 maiatza 2022, 12:17
Nekane Balluerka Lasa (Ordizia, 1966) izango da 2021eko Euskadi Ikerkuntza Saria, gizarte zientzien eta humanitateen arloan entzute handiko lau ikerlarik osatutako epaimahaiak aho batez onartutako ebazpenean zehazten denez. Erabakia argudiatzeko, besteak beste, ikerketa karrera nabarmena; lidergo zientifikorako duen gaitasun bikaina, gorabidean den ezagutza eskola baten bultzadarekin; eta jokabide zientzien metodologiari buruzko bere ikerketak Euskadin izan duen eragin handia nabarmendu ditu epaimahaiak, Balluerkaren «lan zientifiko bikainaz gain».
Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusi, bai eta EAEko zein eta erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea ere, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu erkidegoan bertan. Hezkuntza Sailak urtero deitzen ditu, bakoitietan -2021eko deialdiaren kasua-, Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloko profesionalen lana aitortzen du; urte bikoitietan berriz, Zientzia eta Teknologia modalitatean egiten da deialdia.
Balluerka psikologian lizentziatua (1989) da eta Psikologian doktorea UPV/EHUn (1993). Ordutik, hainbat egonaldi egin ditu ikertzaile bisitari gisa, besteak beste Arizona State University (1995), University of California (2005) eta Manchestergo Unibertsitaeko Cathie Marsh Centre for Census and Survey Research zentroan (2010).
Ikerlari ibilbideaz gain, kudeaketa karguak ere bete ditu. Esaterako Psikologia Fakultateko dekanorde, irakaskuntzaren eta kalitatearen berrikuntzaren arloan EHUko errektoreorde eta EHUko errektore (2017-2021) izan da.