Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Ariketari ikusgarritasuna ematen dioten heinean, oso garrantzitsuak dira txapak. f. morquecho

«Oso momentu onean dator Euskaraldia»

Lehen bi edizioetako ezaugarriei eutsiko die euskararen erabilera sustatzeko ariketak, baina berritasunik ere badakar hirugarrenak

n. azurmendi

Asteartea, 20 iraila 2022, 18:42

Comenta

Zazpi aste falta dira azaroaren 18etik abenduaren 2ra egingo den Euskaraldiaren hirugarren edizioa hasteko. Hala ere, sumatzen omen da dagoeneko prestaketa lanetan murgilduta dauden herrietan aparteko gogoa eta ilusioa. Euskal Herriko erakunde publikoekin batera euskararen erabileran eragin nahi duen aktibazio ariketa antolatzen duen Euskaltzaleen Topaguneko Iker Martinez de Lagosen hitzetan, alegia, «oso momentu onean dator» 2022ko Euskaraldia.

«Dena dugu alde» esan du, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaran eta Euskaraldiko koordinazio eta komunikazio arduradun Goiatz Urkijo eta Garazi Azkuerekin partekatu duen agerraldian. Miren Dobaran ere baikor azaldu da, eta herriz herri egiten ari diren bilera ugarietan igartzen duten «gogoa eta motibazioa» nabarmendu ditu.

Izan ere, 2018an egin zen estreinako Euskaraldiak bete eta gainditu egin zituen helburuak, baina esperimentu izaera izan zuen eta eragin zioten, ezinbestean, lehen aldiei dagozkien ziurgabetasun eta zalantzek. 2020koari, berriz, pandemiak eragin zion bete-betean, eta muga askori egin behar izan zien aurre.

Jakingarriak

  • Entitateen izen ematea. Maiatzaren 16an hasi zen, eta urriaren 31ra arte eman ahal izango dute izena.

  • Norbanakoen izen ematea. Datorren asteazkenean irekiko da, irailaren 28an. Egun berean irekiera ekitaldi modukoa egingo da, Bilbon.

  • Urria-azaroa. #HitzezEkiteko ekitaldiak herrietan.

  • Azaroak 17. Ariketa bezperako ekitaldiak hiriburuetan.

  • Azaroaren 18tik abenduaren 2ra. Euskaraldia ariketa soziala eta, azken egunean, balorazioa.

2022koak gogotsu topatu ditu herritarrak eta euskaltzaleak, udaberrian egin zen Korrikaren arrakastak erakutsi zuen moduan. Covid-19aren aurkako neurriek ezarri zituzten muga ia denak ezabatuta, aurten «kalea berreskuratzea, parte-hartzea hedatzea eta bestela heltzen ez garen esparruetara iristea» da antolatzaileen xedea. Eta, jakina, aldekotasunetik aldaketarako jauzia egin eta hizkuntza ohituretan eragitea.

Proposamen berriak

'Hitzez ekiteko garaia' lelopean egingo den hirugarren Euskaraldiak, funtsean, aurrekoen ezaugarriei eutsiko die. Bi astez «euskarazko praktikak hedatzeko urrats berriak» emango dituzten herritarrak izango dira protagonista nagusiak. Aurreko edizioetan bezala, norbanakoek ahobizi edo belarriprest gisa har dezakete parte. Rol bat aukeratu edo bestea (ez du zerikusirik euskara mailarekin, nork bere gain hartu nahi duen konpromiso mailarekin baizik), garrantzitsuena da «eragile aktiboa izatea eta ariketa bistaratzea, ikusgarri egitea». Txapen garrantzia, alegia, agerraldian mintzatu diren solaskide guztiek azpimarratu dute.

Ezkerretik eskuinera, Garazi Azkue, Goiatz Urkijo, Miren Dobaran eta Iker Martinez de Lagos. dv

Bigarren edizioan sortu ziren ariguneak, denetariko entitateetan euskaraz eroso aritzeko atontzen diren «gune seguruak», indartu egingo dira aurten. Aurreratu dutenez, egin dituzten «ehunka bileretan» sentsazio oso positiboak izan dituzte, eta edizio honetan «ariguneak eremu berrietara eramatea» lortzen ari dira.

Aparteko ahalegina egingo dute, halaber, parte-hartzaileen prestakuntzan, hizkuntza ohiturak aldatzea ez baita erraza. Arlo horretakoak dira aurreko edizioetan baliatu diren material eta tresnei gehituko zaizkien berritasun nagusiak, hala nola proiektu pilotu gisa hainbat herritan sortuko diren euskaldunen ahalduntze eskolak. «Hizkuntza hautua eta hizkuntza asertibitatea» lantzeko antolatu izan diren tailer eta ikastaro ugarietan metatu den jakintzan eta esperientzian oinarrituta, Tolosaldean, Getxon, Errenterian eta Donostian antolatuko dira, «ahobizi eta belarriprest aktiboak» trebatzeko.

Gure bizitzaren zati gero eta handiagoa mundu digitalean igarotzen denez, arlo horretan euskarazko hizkuntza praktikak areagotzen laguntzeko 'Zapla!' izeneko plaza digitala sortu da aurten. Bestalde, larunbataz geroztik Euskaraldiaren gune ibiltaria dabil Euskal Herrian barrena. Orion abiatu zen, eta urriaren 26an itzuliko da Gipuzkoara. Irailaren 28tik azaroa hasiera bitartean, gainera, «herritarren lorpenak eta erronkak» bistaratzeko sortu duten #HitzezEkiteko ekimena jarriko dute martxan.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Oso momentu onean dator Euskaraldia»

«Oso momentu onean dator Euskaraldia»