Euskararen aldeko ekitaldi erraldoia izango da Bilbon abenduaren 27an
Euskalgintzaren Kontseiluak euskaltzaleei dei egin die parte hartzeko eta sarrerak urriaren 16tik aurrera izango dira eskuragarri
Abenduaren 27an Bilbao Arena euskararen eta euskaltzaletasunaren bilgune eta arnasgune bilakatzeko deia egin du gaur Euskalgintzaren Kontseiluak. Milaka pertsona batuko dituen ekitaldi erraldoi bat antolatu du egun horretarako eta euskaltzaleei dei egin die indarrak batzeko eta euskararen etorkizunari norabide berria emateko. «Euskaltzaleon garaia da!» adierazi du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak.
Euskara larrialdi linguistiko egoeran dagoela adierazi eta urtebete geroago, Euskalgintzaren Kontseiluak bere diagnostikoa berretsi eta, ezer aldatu ezean, euskararen etorkizuna jokoan dagoela adierazi du. Hala ere, larritzeko osagai guztiak izan arren, itxaropen mezu bat zabaltzeko prentsaurrekoa egin du gaur Bilbon. Agerraldian dozenaka euskalgintzako ordezkarik (AEK, Elkar, Euskal Herriko Ikastolak, Taupa Mugimendua, Berria, Eusko Ikaskuntza, Elhuyar, Emun, IKA, Bai Euskarari, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, EHE, Hamaika, Zenbat Gara...) eta norbanako euskaltzalek parte hartu dute.
Eskisabelek esan duenez, «gaur zabaldu nahi dugun itxaropen mezuaren parte da orain egitera goazen gonbidapena: datorren abenduaren 27an Bilbao Arena euskaltzaletasunaren bilgune handi bihurtzea. Etorkizuna jokoan den honetan ezinbestekoa da guztiok dagokigun erantzukizuna geure egitea, euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko indar berri bat sortzea. Horretarako lehen gune bihurtu nahi dugu Abenduaren 27ko ekitaldia. Euskarak, hizkuntza guztiek bezala, etorkizunik izango badu unibertso bat behar du, zentzua emango dion irudi eta erreferentzia mundu bat. Eta unibertso hori kultura da, euskarazko kultura, zailtasun gehigarriak erantsiko dietela jakin arren, euskaraz sortzen duten kulturgileek eskaintzen diguten unibertsoa. Beraz, kultur kutsukoa izango da ekitaldia, eta xehetasunak aurrerago aletuko baditugu ere, musikak eta musikagileek, euskararen soinu-bandak, presentzia nabarmena izango du».
Sarrerak urriaren 16tik aurrera izangodira eskuragarri Pizkundea.eus webgunean.