Euskarak Arantzazutik mundu zabalera 50 urtez egindako bidea
2018an Akademiaren mendeurrenaren baitan antolatutako jardunaldiko hausnarketak ditu oinarri Euskaltzaindiak argitaratutako liburuak
Euskararen «normatibizazioa» eta euskara batu bat lortzeko bidean lehen pausuak duela 50 urte hasi ziren Arantzazun eta ibilbide hori guztia biltzen duen 'Arantzazutik mundu zabalera. Euskararen normatibizazioa: 1968-2018' gida argitaratu du Euskaltzaindiak Iberoamericana Vervuert argitaletxearekin batera.
Argitalpenean 2018an Akademiaren mendeurrenaren baitan egin zen jardunaldian 49 adituk hausnartu eta esandakoa jaso da, besteak beste Eric Hoekstra, Jeroen Darquennes, Joan Martí, Manuel González, Battittu Coyos, Miren Azkarate, Miriam Urkia, Asier Larrinaga, Irene Arrarats, Ainhoa Arregi, Xabier Isasi, Elixabete Piñol, Maddi Etxebarria, Ander Irizar, Joxerra Garzia, Andres Alberdi eta Bernardo Atxaga.
Bilbon egindako agerraldian Andres Urrutia euskaltzainburua eta Adolfo Arejita Euskaltzaindiaren idazkaria izan dira. Lehenak euskara batuak «gizarteak eskatzen dituen funtzio guztiak» betetzen dituela nabarmendu du eta azken 50 urteetan «euskararen lurralde guztietara» hedatu dela, kaleratu berri den liburuak erakusten duen bezala. Hala ere, argi utzi du etorkizunari begira «tokian tokiko errealitate eta moldeak kontuan» izan behar direla eta euskara «errealitate berrietara» egokitu behar dela, esaterako «digitalizazioa, ikus-entzunezkoen aldaera berriak edo adimen artifiziala».
Sei ataleko liburua
Liburua sei ataletan banatu da, eta azken 50 urteotako ahaleginen lagin interesgarria eskaintzen du, ondorio ugari azpimarratuz, Urrutiak adierazi duen bezala: «Liburuan ondorioztatzen da euskara batuak bere funtzioa bete duela, jauzi kualitatibo ikaragarria egin baitugu, esaterako, azken 25 urteotan. Euskara batua tresna eraginkorra da erabilera jasoaren ikuspuntutik; zentzu horretan, gizarteak eskatzen dituen funtzio guztiak betetzen ditu eta, gainera, euskararen lurralde guztietara hedatu da».
Sasoia zenean, euskara batuaren auzia «hil ala bizikoa» izan zela nabarmendu du euskaltzainburuak, baina hizkuntzaren «ajeak» ere seinalatu ditu: «Hizkuntzarena eten bako prozesua izanik, oraindik badago zer egin. Esaterako, tokian tokiko errealitate eta moldeak kontuan izan behar ditugu, euskara errealitate berrietara egokitu behar da eta euskalgintzan gabiltzanok baliatu behar dugu batua koordinazio tresna gisa. Liburuan ere asko hitz egiten da kontu horien inguruan, hots, etorkizunari begira egin beharreko ahalegin berrien inguruan».
Liburuaren amaieran 'Euskara Batuaren Adierazpena' ageri da, bertan berresten baitira Euskaltzaindiaren helburu nagusiak, oraindik ere bizi-bizi dirautenak. Adierazpen hori Joan Mari Torrealdai euskaltzainak irakurri zuen 2018an antolatutako Arantzazuko mintegian.