Europar Batasunaren Regions4Climate proiektuan parte hartuko du Euskadik
EBko Klima Aldaketara Egokitzeko Misiorako hautatutako 118 eskualdeetako bat ere bada EAE
Osteguna, 5 urtarrila 2023, 13:23
Klima-aldaketara egokitzea bihurtu da Europak 2030erako finkatu duen helburu nagusietako bat. Klima aldaketaren bizkortzearen aurrean, alegia, EBk toki-mailan gizarte-berrikuntzarako ildoak ikertzea eta aplikatzea bultzatzen du, errekuperazio-gaitasun edo erresilientzia bizkortzeko. EBren Klima Aldaketara Egokitzeko Misioaren esparruan Europako 118 eskualdek eta komunitatek hartu dute parte klima-erresilientziaren aldeko lanean. Testuinguru horretan, 100 erakundek baino gehiagok 50 milioi euro jaso dituzte Horizon Europa programaren esparrutik —Klima Aldaketara Egokitzeko Misioa aplikatzen laguntzeko ikerketa- eta berrikuntza-ekintzak—, klima- aldaketarekin lotutako egungo eta aurreikusitako erronkei aurre egiteko eta Europan komunitate erresilienteagoak eraikitzeko.
Testuinguru horretan, 2023ko urtarrilean bi proiektu jarriko dira martxan —Regions4Climate eta RESIST— «pertsonek eta pertsonentzat sortutako klima-erresilientziako benetako berrikuntzak planifikatu eta aplikatze aldera, EBren Klima Aldaketara Egokitzeko Misioari erantzunez». Regions4Climate proiektuak «ondorio soziokultural, ekonomiko eta ingurumeneko garrantzitsuak izango ditu martxan egongo den bost urteetan». Aurreikuspenen arabera, epe luzera, Regions4Climate proiektuaren emaitzen onura zuzena jasoko dute parte hartzen duten 12 eskualdeetako 13,8 milioi pertsonak, gutxienez.
Horrez gain, onura hori Europan bizi diren 746 milioi pertsonarengana zabaltzeko potentziala dago. Regions4Climate proiektuaren bidez «ekintza berritzaileak egingo dira klima-erresilientzia hobetzeko, eta horretarako, alderdi interesdunekin lankidetzan arituko dira, proiektura elkartutako eskualdeen ingurune errealetan». Sektoreen arteko planteamendu baten bitartez, proiektuak erresilientzia-konponbideak garatu eta baliozkotuko ditu.
Egindako lanaren aitorpena
Regions4Climate proiektuak Europako 12 eskualde izango ditu tartean, beren erresilientzia-planak eta egokitze-bide eraldatzaileak garatu eta proba ditzaten, eta horretarako, mugaz gaindiko lankidetzak eta ezagutza-trukeak bultzatuko ditu. Elkartutako eskualdeen artean daude EAE (Espainia), Hego Akitania (Frantzia), Azoreak (Portugal), Toscana (Italia), Køgeko badia (Danimarka), Burgas (Bulgaria), Helsinki-Uusimaa (Finlandia), Pärnumaa (Estonia), Ekialdeko Kreta (Grezia), Gaztela eta Leon (Espainia), Iparraldeko Artxipelagoa (Finlandia, Åland eta Suedia) eta Troodos (Zipreko Errepublika).
Horrenbestez, EBko Klima Aldaketara Egokitzeko Misiorako hautatutako 118 eskualdeetako bat da EAE, eta esparru horretan eskualde aurreratu gisa aitortua izan da egokitzapenari dagokionez, «klima plangintzan egindako 20 urtetik gorako ibilbideari esker». Misio horretan parte hartzeko hautatua izan da EAE, eta, gainera, Regions4Climate proiektuan parte hartuko du. Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, «Eusko Jaurlaritzak egokitzapenaren arloan egindako lana berritzailea eta aitzindaria dela berresten du horrek; izan ere, proiektu esanguratsuak eta garrantzitsuak burutu ditu, hala nola LIFE IP URBAN KLIMA 2050 proiektua, EAEko kostaldeak klima-aldaketaren aurrean duen kalteberatasunaren eta arriskuaren azterketa, Kostaegoki, bai eta erakunde publiko eta pribatuen arteko klima-gobernantzaren eredu berri baten sustapena eta tokiko ekintza klimatikoaren hedapena ere, Udalsarea 2030 udalerri jasangarrien euskal sarearen bitartez». Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredok dioenez, «EAE eskualde konprometitua da, eta ahaleginak egiten jarraituko du klima-egokitzapenean, azken urteotan egin den bezala».
Sailburuordeak Regions4Climate proiektuaren garrantzia azpimarratu du, EAEko administrazioak zentro teknologiko nagusiekin duen lankidetzagatik. Ekintza bateratu horri esker, datozen urteetan kostaldeko frontea egokitzen aurrera egingo da, arlo horretan aurreratuta dauden Europako beste eskualde batzuen eskutik, eta, aldi berean, klima-egokitzapenaren arloan abiatzen diren Europako beste eskualde batzuei lagunduko zaie. Regions4Climate proiektuaren partzuergoaren EAEko ordezkaritzaren buru dira Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila eta Ihobe – Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa, bai eta AZTI, Tecnalia Research and Innovation eta Zabala Innovation Consulting zentro teknologikoak ere. Zentro horiek, beren esperientzia zabaletik, Europako beste eskualde batzuei lagunduko diete klima-arriskuen konplexutasuna hobeto ulertzeko eta erreferentziazko beste eskualde batzuetatik ikasitakoa aplikatzeko.
Regions4Climate proiektuan parte hartuz, EAEk 3 milioi euro inguru jasoko ditu datozen 5 urteetarako. Ekimen horri esker, klima-egokitzapenean aurrera egin ahal izango da, inbertsio garrantzitsuak eginez kostaldeko frontean, ezagutza sortzeko lankidetza publiko-pribatuari eutsi ahal izango zaio, konponbide berritzaileak garatu ahal izango dira eta EAEko enpresa-sareak (batez ere ETEek) klima-ekintzan duen zeregina balioetsi ahal izango da.