Errealitate desberdinak, antzeko itxaropenak
Sei entitateen ordezkariek orain arteko esperientziek eta aurrera begirako asmoen berri eman dute
Osteguna, 28 uztaila 2022, 13:46
Nuria Agirre Unzueta, Laboral Kutxako Pertsonak eta Baliabideak saileko zuzendaritza: «Euskaraldiaren aurreko bi edizioetan ere parte hartu genuen, erakunde gisa, eta esperientzia oso baliagarriak izan ziren: lankideon sentsibilizazioan eragiteko, hizkuntza-ohitura batzuk aldatzeko, euskaldunak agerian jartzeko, euskaraz gehiago egiteko bezeroekin eta lankideekin... 500 lankide baino gehiago izan ziren ahobizi edo belarriprest, eta 150 arigune baino gehiago sortu genituen gurean. Aurtengo Euskaraldian Laboral Kutxak bi erronka nagusi izango ditu: lehena, lankide gehiagok parte hartzea eta arigune gehiago jartzea martxan; bigarren erronka, Euskaraldiaren ariketa entrenamendua izatea, oinarria, etorkizunean egin beharko dugunerako proba, eta martxan jartzen den dinamikak segida izatea; nahiko genuke arigune horiek jarraitzea abenduaren 3tik aurrera ere, eta egindako ahaleginari etekina atera».
Ana Urkiza Ibaibarriaga, Bankoa-ABANCAko Euskara koordinatzailea: «Euskaraldiaren aurreko edizioek Bankoa-ABANCAri ekarri dizkion onuren artean, naturaltasuna eta onarpena azpimarratuko nituzke. Batetik, banketxe bezala euskara harreman-hizkuntza izateko egiten ari garen lanari ikusgarritasuna eman dio. Bestetik, egiten ari garen lana naturaltasunez bizi ahal izan du bezeroak, naturaltasunez onartuz euskaraz gauzatzen den harremana. Eta azkenik, eskenatoki ireki bat eskaini digu Euskaraldiak, zeinetan bai banketxeak eta bai bezeroak euskaraz naturaltasunez aritzeko plaza bezala identifikatu ahal izan duten banketxea. Edizio berriari begira, erronka zera da: ahalik eta bulego gehienak identifikatzea arigune gisa, eta berauetan, naturaltsun eta normaltasun osoz sustatzea, banketxearen eta bezeroaren arteko harremana, euskaraz».
Jaione Lamy Insausti, Kutxabank-eko Banka Instituzionaleko zuzendaria: «Ariketa honek esperimentaziorako aterki edo babesgune bat eman digu, eta aukera eman digu ikusteko lana euskaraz ere egin ahal izateko gainditu beharreko zailtasunak zeintzuk diren, bai norberak, eta baita erakundeak berak ere. Erakundeari dagokionez, euskararen ahozko ezagutza kudeatzetik erabilera kudeatzerako urratsa ematen hasteko markoa erraztu digu».
Iratxe Sainz Arenzana, Nafarroako Rural Kutxako Bizkaia eta Arabako erakunde saileko arduraduna: «2020ko Euskaraldiak jarrera aldaketa bat ekarri zigun bai gizartera eta baita Rural Kutxara. Egun horietan zehar euskararekiko egin genituen ekimenak eta hartu genituen ohiturak egunerokotasunean finkatzea dugu helburu».
Igor Goienetxe Olaeta, CaixaBank-eko Negozio arloko zuzendaria: «CaixaBank-en lana egiten dugu gizartean eta arlo sozioekonomikoan euskararen normalizaziorako. Euskara eta gaztelaniaren arteko berdintasun sozial handiagoa lortu nahi dugulako, hizkuntzen eta hiztunen elkarbizitza helburua dugu. Eta horregatik Euskaraldiarekin bat egin genuen 2018an. Euskal kultura eta euskara babestea guztion ardura izan behar da. Eta hau gaur hemen bildu garen erakunde guztion ibilbide-orrian bihurtu behar dugu. Euskalradiak hori ekarri behar digu eta helburu nagusia bai langileon zein bezeroen hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskararen erabilera handitzea izan behar da. Hauxe da gure helburua eta guztiona».
Ana Teresa Bengoa Simón, BBVA-ko Ipar-zonaldeko Ingeniaritza zuzendaria: «Bilbon jatorria duen erakunde gisa, funtsezkoa da euskal gizartearekiko inplikazioa, gizarte horretako kide baikara. Euskararen erabilera eta bultzada gure konpromisoetako bat da, eta egunero bide horri jarraitzen ahalegintzen gara. BBVAn gure babesa adierazi nahi dugu etengabe, eta elkarrekin aurrera egin, gure bezeroei zerbitzurik onena eskaintzeko eta gizarte integratzaileago bati ekarpena egiteko».