Eremu sozioekonomikoaren «euskalduntzean jauzia» aldarrikatu dute
Euskalgintzaren Kontseiluak eta ELA eta LAB sindikatuek enpresetan euskara-planak sustatzearen beharra aldarrikatu dute eta instituzioei babes gehiago eskatu
Etorkizuneko eremu sozioekonomikoaren «euskalduntzean jauzia» egitea eta hezkuntzan belaunaldi hori euskalduntzeko «egindako ahaleginak eta inbertsioak ezdeusean» ez geratzea. Horiexek dira Bilbon egindako agerraldian Euskalgintzaren Kontseiluak eta ELA eta LAB sindikatuek mahai gainean jarri dituzten erronkak eta, neurriak hartu ezean, sor daitezkeen arazoak.
Izan ere, datozen bi hamarkadetan langileriaren erdia erretiroa hartzeko adinean egongo da, hiru eragileek plazaratutako datuen arabera. Hau da, belaunaldi aldaketa nabarmena. «Abagune paregabea izango da eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean jauzia egiteko. Kontrakoa ere gerta liteke, ordea: neurri egokirik hartu ezean, belaunaldi hori erdaldunduko baitu eremu sozioekonomikoak», nabarmendu dute.
Arazoa seinalatzeaz gain, Paul Bilbaok, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak; Pello Igeregik, ELAko Negoziazio Kolektiboko arduradunak; eta Amaia Aurrekoetxeak, LABeko Euskara arduradunak, urrats berriak egiteko asmoa berretsi dute. Besteak beste, enpresek «Euskaraldian izena eman dezaten lan egin» eta, ondoren, enpresa horietan Euskara Planak «martxan jartzeko aukerak» landu.
Lehen proposamena 2020ko azaroan
Bilbon egindako agerraldian ELA, LAB eta Euskalgintzaren Kontseiluak oroitu duten bezala lan mundua euskalduntzeko eta langileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko lehen proposamena 2020ko azaroan plazaratu zuten: 50 langiletik gorako lantokietan langileen ordezkaritzak edo enpresarenak eskatzen dutenean enpresetako euskara-planari buruzko negoziazioa irekitzea. «Jakitun ginen enpresa kopuru mugatu bati eragingo ziela, baina langilegoaren erdiari eragingo lioke», azaldu dute.
Ordutik, zoritxarrez, pausu gutxi eman direla azpimarratu dute. «Ezinbesteko esparrua izan arren, euskara planak dituzten entitateen kopurua ez da %1era iristen. Gainera, behin eta berriro urratzen da langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea». Euren ustetan arrazoia azken 40 urteetan «politika apalak enpresen boluntarismoa sustatzean oinarritu» direla da.
«Ezinbesteko esparrua izan arren, euskara planak dituzten entitateen kopurua ez da %1era iristen«
Gutxieneko neurri horien adostasunetik abiatuta ahalik eta enpresa gehienetara heltzea da asmoa. Horretarako «harreman-erronda zabala» egin dute gainerako sindikatu, alderdi eta instituzioekin ostean «lanbidearteko akordiorako mahaia» deitu eta proposamena bertan adosteko. Izan ere, han adostutakoak «enpresa guztietan» eragiten du. Dinamika horrek akordioari aukerak eman dizkio, hiru eragileen ustetan, horretarako eskaera propioak «uko» egin behar izan behar badiote ere «patronala eta beste sindikatuak ere eroso egon zitezkeen abiapuntu baten bila».
Ildo horretan, Confebask patronalaren jarrera deitoratu dute hiru eragileek eta «ulergaitzat» jo dute Legebiltzarrean eginiko proposamena babesteko alderdi politikoek adostasunik lortu ez izana. «Instituzioen aldetik ez dugu inolako babesik edo bultzadarik jaso», salatu dute. «Confebasken ateak erabat itxita topatu ditugu, lanbidearteko mahaiko bilera egiteari ere uko egin zion».
Bilbao, Igeregi eta Aurrekoetxeak hitzartzean «euskaraz lan egiteko eskubidea» aldarrikatzen jarraituko dutela aurreratu dute.