Borrar
Betiko merkealdia dirudi, baina ez da... iñigo royo

Egin al du merkealdi tradizionalarenak?

2012ko udaz geroztik, ez dago merkealdi kanpaina arautu eta data finkodunik. Merkeago saldu eta erosteko ohiturari eusten diogu, baina gauzak asko aldatu dira hamarkada baten buruan, eragile jakin batzuen onerako aldatu ere

miren imaz

Ostirala, 6 urtarrila 2023, 13:22

Comenta

Merkealdiak, garai batean ezagutzen ziren moduan, 2012ko udan amaitu ziren. Hilabete batzuk lehenago onartu zuen lege batek aldaketa sakonak ekarri zituen deskontu-aldiei zegokienez, eta haren ondorioak hainbat esparrutan nabarmendu ziren; besteak beste, kontsumitzaileen erosteko ohituretan. Araudi berriak erabat liberalizatu zituen merkealdiak, lehen bi sasoitara mugatuak: uda eta negua. Lege haren eraginez, ez litzateke nahitaezko eperik egongo beherapen edo merkealdiak iragartzeko, ezta gutxieneko deskontu-tarterik edo murrizketarik ere.

Ze kalte eta onura ekarri ditu aldaketa hark hamar urteren buruan kontsumitzaileentzat eta merkatarientzat? Zergatik berrikusi zen urreko araudia?Neus Soler Labajos UOCeko Ekonomia eta Enpresa Ikasketetako irakasle kolaboratzaileak azaldu duenez, «moda azkarrak, denda-kateetan bilduma berriak etengabe sartzea ahalbidetzen zuenak, kontsumitzaileak denboraldian erosteko premia ez sentitzea eragin zuen, tailak agortzen baziren ere. Dendek merkealdien artean kontsumoa motibatu ahal izan zuten, eta hori egitea ahalbidetuko zien araudia aldatzeko adina presio egin zuten», gaineratu du.

Merkataritza txikia, kaltetu handia

Gauzak aldatzera etorri zen legea indarrean sartu zenetik, saltokiek beren kabuz erabaki dezakete zer deskontu-aldi komeni zaizkien gehien beren beharren arabera. «Horrek esan nahi du produktuak edo bildumak likidatu ditzaketela komeni zaienean, eta tokia egin dezakela bilduma berriak sartzeko», adierazi du Solerrek.

Ordainetan, baina, «neurriak kalte handia egiten die saltoki txikiei, ezin baita lehiatu, ezta handiarekin alderatu ere, ez baitu tarte nahikorik. Saltoki txikiek, hornitzailearen produktua eskuratzean beren gain hartzen dituzten baldintzak ezin dira kateenekin alderatu, kateek askoz ere produktu-bolumen handiagoa hartzen baitute, horri esker askoz baldintza hobeak lortua», adierazi du adituak. «Saltoki txikiak ezin du bere gain hartu kateek duten produktuaren errotazioa, eta kontsumoa motibatu ahal izatea komeniko litzaiokeen arren, ezin du hori egin etekin-marjina irentsiko dioten etengabeko sustapenen bidez», gehitu du. Azken batean, «merkealdiaren liberalizazioak babesik gabe uzten du saltoki txikia, eta kontsumitzaileak promozioak eskaintzen dituzten kateen menpe», ondorioztatu du Solerrek.

Ana Isabel Jiménez-Zarco, UOCeko Ekonomia eta Enpresa Ikasketetako irakaslea, bat dator pentsamendu-ildo horrekin, nabarmenduz saltoki txikiek ez dutela tresna egoki eta nahikorik 'merkealdi' mota berri honi eusteko, bai ordutegiagatik, bai deskontuengatik beragatik ere, mozkin-marjina 'jaten' baitio.

Egoera horri aurre egiteko, saltoki txikiek egokitu beste aukerarik ez dute. Alde batetik, Jiménez-Zarcok dioen bezala, «denda fisiko askok online denda ere badute, eta, beraz, estrategia partekatu egin beharko litzateke. Bestetik, bezeroak munduko edozein tokitan erosi ahal izateak, merkataritza elektronikoaren bidez, ohiko merkataritza malgutasunera behartzen du ordutegiei eta entrega-epeei dagokienez».

Bi ahoko ezpata

Ia urte osoan prezio merkeak dituzten produktuak eskura izateak ekarri du jendeak, oro har, erosteko ohiturak aldatzea. «Kontsumitzaileak orain badaki merkataritzak deskontu-aldiak kateatzen dituela eta, beraz, merkealdi jakin bat aprobetxatzen ez badu, berehala datorrena baliatu ahal izango duela», adierazi du Solerrek. Ildo horretan, saltokietan ezarritako etengabeko sustapen-dinamikaren ondorioz, «kontsumitzaileak aukeraren zentzua galdu du».

Gainera, denboran mugatutako eskaintzen desagerpena ez da guztiz positiboa izan publikoarentzat. Izan ere, Soler irakaslearen ustez, «orain, kontsumitzaileak urtean zehar produktu merkeagoak erosteko hainbat aukera izan arren, dagoeneko ezin du erosi denboraldian zehar saltokiak saldu ez duen produktu hura, prezioa merkeagoan saldu arren kalitateari eusten ziona». Izan ere, «promozio edo merkealdietan zuzenean saltzeko bildumak egiten diren unetik, produktua ez da kalitatezkoa». Horrenbestez, «kontsumitzaileak zertxobait gutxiago ordaintzen du kalitatezkoa ez den produktu batengatik, eta lehen askoz gutxiago ordaintzen zuen kalitate handiko produktu batengatik», gaineratu du.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Egin al du merkealdi tradizionalarenak?

Egin al du merkealdi tradizionalarenak?