EHUk 1.000 tona CO2 gutxiago emititzeko proiektua abian jarri du
The Planet App-rekin lankidetzan unibertsitateko komunitateak kliman duen inpaktua jakiteko eta hau murrizteko karbono-aztarna neurtzen duen aplikazioa sortu du
J. Agirre
Igandea, 27 otsaila 2022, 18:07
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) The Planet App-rekin lankidetzan unibertsitate-komunitatean eragiten duen karbono-aztarna aztertzeko eta urteko 1.000 tona CO2 baliokide murrizteko proiektua martxan jarri du. Ekimenaren abiapuntua 1995ean Mario Molina Kimikako Nobel saridunak Bilbora egindako bidaia omen da, EHUK jakinarazi duenez.
«Baten batek galdetu zion ea klima-aldaketan sinesten zuen eta Molinak 'Klima-aldaketa ez da sinesmen-kontu bat, zientzia baizik' erantzun zuen. Hala baieztatzen dute Basque Center for Climate Change-k (BC3) ematen dituen datuek. Duela gutxi erakundeko zuzendari den Elisa Sainz de Murietak hitzaldi batean esan bezala «berotegi-efektuko gasen emisioak dira berokuntza globalaren eta klima-aldaketaren eragile nagusiak».
Unibertsitatearen ustetan «eragin horretan norberak jar dezake bere aletxoa eta inpaktu hori nabarmen murriztu» eta horregatik sortu dute aplikazioa, nahi duen pertsona orok deskarga dezan eta horren bitartez karbono aztarna neurtzeko.
Iraunkortasun eta Gizarte Konpromisoko Zuzendaritzaren kalkuluen arabera unibertsitate-komunitate osoaren bizi-ohiturekin lotutako karbono-aztarna 210.000 tona CO2 baliokide ingurukoa da. Hori dela eta, eguneroko «ekintza sinpleetan» jarri nahi da fokua: campusera joateko aukeratzen dugun garraiobidea, etengailua itzaltzeak klasetik edo tokiko produktuak hautatzeak, eragin garrantzitsua dute klima-aldaketan dugun eragina murrizteko.
Horien bitartez eta unibertsitate-komunitateko kideen laguntzarekin urtean 1.000 tona CO2 baliokide murriztea da helburua.