«Etorkizuna zuen esku dago; zuek zer erabaki, hura izango da geroa»
Albert Fert eta Elena Cattonea puntako ikertzaileak 48 ikastetxetako DBHko ikasleekin egon dira Eureka! Zientzia Museoan
Joseba Zubialde
Lunes, 15 de diciembre 2014, 17:27
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 48 ikastetxetatik etorritako 200 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute astelehen honetan top@DIPC Zientziarekin solasean! seigarren topaketan, Donostian. Bertan, bigarren mailako ikasleek Albert Fert fisikako Nobel sariduna eta Elena Cattaneo Huntington gaixotasunaren ikertzailea izan dituzte solaskide. Aurretiaz prestatutako galderak bota dizkiete bi zientzialariei, eta hauek zintzotasun osoz eta umorez erantzun diete.
"Ikusten duzuenez, pertsona normal-normalak dira zientzialariak, hasiera eman dio ekitaldiari Elena Cattaneok. Ikerlari italiarrarentzat ilusioa eta egiten duzuenarekiko pasioa izan behar dira bizitzako ardatz, hori baita, bere iritziz, zoriontasuna lortzeko gakoa, aukeratutako bidea edozein delarik. Cattaneok argi utzi nahi izan du bere audientziaren aurrean: "Etorkizuna zuen esku dago; zuek zer erabaki, hura izango da geroa".
Fert-en ustetan, era honetako ekitaldiak gazteak motibatzeko aproposak dira, eta nabarmendu nahi izan du zientzia, eta konkretuki, fisika, zaila dela, baina aldi berean ez dela. Bestalde, Nobel saridunak "zientzia, ororen gainetik, sormena" dela gogorarazi die Donostiako Eureka! Zientzia Museora bertaratu diren ikasle guztiei.
Sariak ikasleentzat
Aurtengo edizioan, berrikuntza modura, Telefónicak galderarik burutsuena, sortzaileena eta originalena egin duten ikasleei sari bana eman die. Horrela Leire Akizu Urretxuko JM Iparragirre institutuko ikasleari, 'Zein da zure buruari egiten diozun eta oraindik erantzutea lortu ez duzun galdera?' galderak eman dio saria; Ander Congil Tolosako Laskorain ikastolako ikasleak, 'Zure ustez, egokiro tratatzen al dira fisikako kontzeptu errealak fisikarekin zerikusia duten telesailetan?' galderarekin eskuratu du saria; eta Sara Beroiz, Zarauzko Oteiza Institutu Politeknikoko ikasleak, 'Zure ustez, gizakion oroitzapenak pantaila batean jasotzeko aukerarik emango al dute teknologia aurreratuek etorkizunean?' galderarekin.
Ekitaldian UPV/EHUko katedradun eta Dipc-ko lehendakari den Pedro Migel Etxenike aritu da moderatzaile-lanetan. Zientzia "abentura intelektual bat dela adierazi du, eta grinatsuki ekin behar zaiola azpimarratu. Bere hitzetan, zientziak aurrera egin ahala, galdera batzuei erantzuten die, baina, aldi berean, beste batzuk sortzen ditu. Horrela, lana egitera eta ilusioz jardutera animatu die Etxenikek ikasleei, Fert eta Cattaneo bezalakoak izatera iritsi daitezkeela esanez.