«Euskara ez da muga, mundurako leihoa baizik»
Barbara Goenaga aktoreak eta Kalakan taldeko kideek #Poziktibity-ren bosgarren bideoa aurkeztu dute Donostian
Joseba Zubialde
Jueves, 11 de diciembre 2014, 15:41
"Atzo hasi ginela dirudi". Hitz hauekin eman dio hasiera Oihan Vega Gaztea irratiko esatariak #Poziktibity ekimenaren azken bideoaren aurkezpenari. Jada bosgarrena da eta Barbara Goenaga aktorea eta Kalakan taldeko hirukotea, Thierry, Xan eta Jamixel, dira solasaldiko protagonistak. Bertan, euskara egungo bizitzan ederki moldatzen den hizkuntza dela apimarratzen dute.
Donostiako Ni Neu jatetxean, lau protagonistekin batera, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea izan da aurkezpenean. Egitasmo honetarako Barbara, Thierry, Xan eta Jamixel aukeratzerakoan euskara gaurko bizitzarako tresna modernoa dela adierazi nahi izan omen dute, sustraietatik abiatuz gaur egunerako hainbat eta hainbat sorkuntza egiteko gai dela.
Guk iturri zaharretatik hartzen ditugu kantu zaharrak, azaldu du Kalakan taldeko Jamixelek, horiek jantzi berri eta modernoekin apaintzen dituztela gaur egungo jendeari emateko, gaurko kodeekin. Ildo horretatik, egungo erronka gure kultura modernitatera eramatea" dela nabarmendu dute.
Barbara Goenagak gure mugetatik kanpoko jendeak euskararekiko duen ikuspegiari erreparatu dio eta esku artean duen lan bat jarri du horren adibide. Eskoziako zuzendari batek gidoi bat bidali zion ingelesez idatzia, pelikula Euskadin filmatzeko helburuarekin. Euskara altxor ikaragarria dela esan zidan eta euskara ikasten ari da filma gure hizkuntzan egiteko, azaldu du. Bere esperientzian oinarriturik, Goenagaren iritziz kanpotarrek gu baino garrantzia gehiago ematen diote euskarari.
Kalakan taldeko kideentzat eta Goenagarentzat euskara ez da muga mundurako leiho bat baizik eta, era berean, modernitatearen irudi.