Borrar
Muere a los 96 años el arquitecto Frank Gehry
Araitz, Ikaztegietako piano-teklatu jotzailea, kazetari sariduna eta ikerlari kameraduna Andoainen. ARIZMENDI

Hiritarrak | Araitz Uria Lizarra

«Hasi zirenean ez zuten erreferenterik. Egun, beraiek dira erreferente»

'Musika baino gehiago: aldatzeko guztia' bere lana saritu dute fuerte

Begoña del Teso

San Sebastián

Asteartea, 15 uztaila 2025, 06:17

Comenta

Ikaztegietakoa. Unibertsitatera joan arte, urte luzez ikasi zuen piano Lazkaoko Musika Eskolan. 'Gaztezulo' aldizkari guapoan egiten du lan, laster bukatuko ditu praktikak Euskadi Irratian eta hainbat euskal hedabideetako azalean eta 'atzekoz aurrera'-ko orrialdean atera da, bere Kazetaritza Graduaren Amaierako Lanarekin EHUk eta Andoaingo kazetak babesturiko Komunikazioko GRALen Sariketa irabazi duelako. Masterra egin berri du, multimediaren ingurukoa. Bukaerako ikerketa bezala, fotoerreportajea ari da sortzen kirolekiko atxikimendu gurea oinarri harturik. Distopia elektrotxarangan, teklatuak jotzen ditu.

– Nola?

– Nola zer?

– Nola arraio jotzen da teklatua beti martxan, beti ibilian ibili, beti kalean gora, kalean behera, plazetan barna doan txaranga batean, are gehiago Distopia bezala, elektroa den batean. Lepotik zintzilika daramazu?

– Ez. Lepotik zintzilika ez, karroan.

– Gurdian zoaz zu!!!??

– Ez, ni ez, teklatua sartzen dugu karroan eta plazan edo taberna, elkarte, kultur etxe baten aurrean geratzen garenean, hartzen dut eta jo. 10 urtez ikasi dut pianoa eta badakit teklatua ez dela elektrotxaranga baten tresna nagusia. Berdin diot, txaranga guztien helburua ondo pasatzea eta ondo pasaratzea da. Eta horri ekiten diogu guk ere, Kontent eta lasai badakit nik inork ez duela belarri fin fin bat jarriko nire akatsak harrapatu nahian...

– Gatozen saritua izan den zure erreportaje sakonera. Epaimahaiak zera adierazi zuen bere hautua azaltzeko: «Kalitatezko lan erakargarri eta aberatsa egin du Araitz Uria Lizarrak: kazetari irizpide egokiz landu du gaurkotasuneko eta gizarte interes handiko auzia; askotariko testigantzak bildu ditu, zenbait garai eta moldetako musikariak elkarrizketatu baititu; dokumentazio lan zorrotz eta sakona egin du kontakizuna testuinguru egokian txertatzeko, eta estilo zehatz eta argian josi du testua. Epaimahaiak uste du lanak bete-betean bat egiten duela sariak ezarritako irizpideekin.»

– Oso gustura egindako lana izan da. Askotan gertatzen den bezala, egun hobetuko, luzatuko, sakonduko nuke dexente. Konturatu naiz, esaterako, elkarrizketatu ditudan ia emakume musikari ia guztiak gipuzkoarrak direla. Euskaal Herriko beste lurraldetara zabaltzea gustatuko litzaidake. Badakit, adibidez, Bizkaian eszena oso potentea dagoela. Saiatuko ere beste estilo batzuetara hurbiltzea.

«Norbere buruaren presioa, amatasunaren pisua, elkarzaintza eta ardura kolektiboa... gai horiek ateratzen dira emakume musikariekin mintzatzean. Eta jakina, gizarteak, oraindik ere ez du anbizioa begi onez ikusten»

– Hip hop edo rap, esaterako?

– Baita ere baina inpresioa dut pop egiten duten musikariarengana iritsi naizela gehien bat. Jakin nahiko nuke zer gertatzen den rockarekin, punkarekin. Bai, lanean Las Vulpes aipatzen dut azal-azaletik baina gustuz hartuko nuke Nafarroako Nerea Loron Diaz La Furia rapero grinatsuarekin hitz-aspertu bat izatea.

– Gustuko litzaidake niri zuk Niña Coyoteri egindako elkarrizketa irakurtzea. Uste dut erreferente handia dela, musika tresna hartu zuten (duten) emakume musikarien artean...

– Asko dira musika tresna hartu duten neskak. Irakurri egin dut Igone Mariezkurrena kazetariaren 2027ko 'Ahoa Bete Doinu: Musika eta generoa' lana, oinarri hartu ere. Berak esanda, 'Gaur egun, kosta egiten zait abestu bakarrik egiten duten emakume musikariak zerrendatza. Gehienetan, instrumentua dute alboan'... Niña Coyote/Ursula Strongen kasua oso esanguratsua da, Chico Tornado bikoteak gitarra jotzen du baina berak bateria aukeratu du tresna. Aipatzekoa da ere Muguruzarekin kontzertuetan aritzen den Gloria Muriel katalana, bateria jolea da, bera ere. Amets Aznarezen kasua garrantzitsusa da ere.

– Tronboia jotzen du hainbat taldetan. Norbere buruaren presioa eztabaidatzen dituzuenean ekartzen duzu zure lanera Amets.

– Urteak eta hamarkadak daramatzagu euskal emakumeok musikan baina oraindik ezin uxatu kasu eta une askotan 'inpostorearen sindromea': «Tronboia jotzen ari den emakumea naizenez, erreferentea izan behar dudala sentitzen dut, eta oso ongi jo behar dudala». Lide Hernandok oso hausnarketa inporta handikoa egin zidan: «Azkenaldian neska askok musikan ibilbidea hasi ea bat-batean desagertu behar izan dute. Ez dut uste kasualitatea denik emakumeak izatea».

– Berdin pentsatzen duzu zuk?

– Bastante. Emakumeok etengabe gure burua zalantzan jartzeko dugun joerak eta gure buruari sortzen diogun presio eta exijentziak badute eragina ibilbidea bertan behera uzte horretan.

– Eta amatasunak?

– Norberaren lehentasunen arabera. Baina segun eta zein hautu egiten duzun, begi onez edo begi txarrez begiratuko zaituzte.

– ??!!!

– Ama izatearen alde egiten baduzu, ondo. Musikaren alde eginez gero, ez hain ondo. Gizarteak ez du estimu handian emakumeon anbizioa.

– Hala eta guztiz ere...

– Asko ikasi dute musikariek bidean. Euren proiektuen azken hitza eurena dela badakite egun.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Hasi zirenean ez zuten erreferenterik. Egun, beraiek dira erreferente»

«Hasi zirenean ez zuten erreferenterik. Egun, beraiek dira erreferente»