Talde gehiegi maukak erakarrita
-
1
Europarako txartela merkea bezain zaila
Inoiz baino merkeago dirudi aurten Europarako txartelak, baina horrexegatik hain zuzen ere jardunaldiz jardunaldi handituz doa mauka hori probestu nahi duten taldeen kopurua. Eta munizio gutxirekin iritsi da Reala borroka horretara. Ea atzoko puntuak haizea ematen dien.
-
2
Helburua lortzeko sinetsi egin behar da
Ez zen irteera erraza -Cerámican balantza Realaren aldekoa bada ere- eta taldea baja garrantzitsuekin zihoan, baina edozein helburu erdiesteko lehen urratsa sinestea da, eta ez zirudien atzo txuri-urdinak zelaira konbentzimendu horrekin atera zirenik. Errazegi nagusitu ziren etxekoak hasieran.
-
3
Aztien artean aztienak
Atzokoaren ostean ere ez ditu betikoen kritikak uxatuko, baina Oyarzabalek zakur zaharra dela erakutsi zuen beste behin, eta ez duela amore ematen. Luiz Júniorrek badaki orain. Barry-ren golean, berriz, Remiro izan zen azti ibili zena, berehala jo baitzuen epailearengana, Ayozek jokaldia ikustea oztopatzen ziola esanez.
-
4
Bosteko defentsa ez da beti eraginkorrena
Bigarren zatian Pacheco atera zuen Imanolek Sucic-en ordez, atzeko zuloak estaltze aldera. Baina plan horrek ez dio askotan emaitza onik eman Realari, zelai erdian presentzia galtzen duelako eta atzo ez zen salbuespena izan. VAR-ekoen lana eskertu behar da.
-
5
Erronka latza aurretik
Egutegia begiratuz gero, Realak ez du erronka makala, sailkapenean goiko postuetako lehian nahiz behekoetakoan dabiltzan hainbat talde izango baititu aurkari; ea horietako batzuek ordurako helburua lortuta edo urrutiegi duten, eta horrek bidea errazten duen.