Urte berri on
Bai horixe ·
Auskalo noiz bukatuko den hain zauri sakona eragin digun zeraGutxitan esango genion agur hainbeste gogoz bukatzear dagoen urte bati, adio, alde hemendik, utikan. Bizitza jario bat da, baina guk mugarriak jartzen ditugu bidean, denborarekin zerikusia dutenak. Urteak, urte aldaketak, berez, bestelako aldaketak ekarriko balitu bezala, berrikuntza bat, idatzirik gabeko orri zuria.
Hasiko dugu urte berria, nork bere tenoreaz eta, halere, jakin badakigu, inoiz baino argiago, urte berrirako burutu nahi genituzkeen asmoak betetzea ez dagoela gure esku. Erretzeari utzi, soinketari berrekin, hizkuntza berri bat ikasi, baino inoiz baino ziurgabetasun handiagoz. Auskalo noiz bukatuko den hain zauri sakona eragin digun zera, auskalo ze ondorio utziko digun, auskalo gu ere gaixotuko garen.
Basamortu horren erdian bizi behar dugu, bizitzen ari gara aspaldi honetan, tarteka etsipenari amore emateko zorian. Agian horregatik behar ditugu inguruan sekula ez bezala, pertsona argitsuak, poza fabrikatzeko eta zabaltzeko gai diren pertsonak, marinelak norabidea markatuko dion itsasargiaren premia duen bezalaxe.
Besteak beste, pandemiak lehen planora ekarri dituen erronkei aurre egin diezaiegun. Hala nola gizartearen gehiengoarentzat arazo ez ziren zahar egoitzak. Hor zeuden, edonork ezagutzen zuen zahar egoitza batean zegoen norbaiten familiako norbait, baina zahar egoitzak ez ziren kezka jendartearentzat.
Gaur, sekula zahar egoitza batean sartu ez denak ere badaki hor, bizitzaren azken bihurgunean, arazo bat dugula. Agian ez dakiguna arazo horren sakoneraren neurria da. Baina jakin ala ez, kontua da kasu horretan arazoa ez dela adabaki batez konpontzen, ezta heltzear omen dauden txertoaz ere. Goitik behera birpentsatu behar ditugu zahar egoitzak, atzetik aurrera.
Eredu osoa dago kolokan, are horretan eragina duen zahartzaro eredua ere. Nori dagokio betebehar eskerga horren erantzukizuna? Gizarte osoari, noski, gure ordezkari politikoak eta zientzialariak barne. Ordezkari politikoei, beraiek gauzatu beharko dutelako eredu berria, oraindik betebehar horri ekin ez badiote ere. Eta zientzialariei, egon badagoelako zientziarik zahartzaroaren inguruan.
Eta protagonista diren edo laster izango diren pertsonei, zahar egoitzetako bizilagunei eta aspaldi honetan astero kalean pentsioa defenditzen dutenei. Gauza da orain guztiok dakigula arazo bat dugula zahar etxeekin eta ezingo dugula luzaroan ezikusiarena egin.
Urte berri on, berriz ere, irakurle.