Saltzaile telefonikoak
Bai horixe ·
Badakit deitzen duena langilea dela, seguruenik kolokakoa eta gaizki ordainduaGaldetu dut han eta hemen, galdetu gabe ere entzun ditut iruzkinak bazterretan, iruzkinak eta, batez ere, kexak. Nonbait, edozein ordutan gerta daiteke, baita ohitura guztien arabera jendea lotan edo lotarako bidean dagoenean ere. Gurean, gehienez eguerditan gertatzen da eta arratsaldeko lehen ordutan.
Ari zara bazkaria prestatzen, lasai asko bazkaltzen edo bazkalondoan atseden hartzen eta telefonoak jotzen du, eskukoak nahiz finkoak. Hartzen duzu gailua eta isilunea da lehen erantzuna, segundo gutxitako isilunea. Ondoren, ahots gozoa duen emakume batek eguerdi on esaten dizu edo arratsalde on. Eta segidan zerbait saldu nahi dizu, gure kasuan telefonoekin zerikusia duen zerbait edo argindarrarekin.
Gutxienez horrela zen deiak oso noizbehinka gertatzen zirenean. Entzuten nuen saltzailearen mezuaren hasiera eta luzatu gabe esaten nion eskertzen niola deia, zinez eskertu ere, baina ez niola denbora gal arazi nahi eta ez nuela nire denbora ere alferrik galdu nahi. Eskerrik asko errepikatu ondoren eteten nuen deia. Banekien deitzen zuena lanean ari zela eta, beraz, errespetua merezi duela.
Gero, deien maiztasuna azkartu denetik, ahotsa entzun aurretik katigatzen dut telefonoa, gailuak erreko balu bezala. Eta hor gelditzen naiz, birdeiaren zain. Are gehiago, azken boladan telefonoak jotzen duen bakoitzean saltzaileren bat izango dela aurreikusten dut eta horretarako prestatzen dut neure burua. Batzuetan, isilunea laburragoa delako edo erantzuten luzatzen naizelako, bestea hizketan hasi bezain laster ahots zakarrez esaten dut ez dudala telefonozko publizitaterik nahi. Ez eskerrik asko ez gupidarik hariaren beste aldean dagoen pertsonarekin. Noizean behin ez dut telefonoa hartzen eta hor gelditzen da, hutsunean joka.
Jakin badakit deitzen duena langilea dela, seguruenik kolokakoa eta gaizki ordaindua. Eta, ordaintzaileak uste duela etekina aterako diola zeregin horri, norbaitek erosiko duela saldu nahi duen hori. Baina ez dut telefono dei baten ondorioz zerbait erosi duen inor ezagutzen. Alderantziz, askori deiak zerbait saldu nahi dion enpresarekiko ezinikusia eragiten dio, batez ere publizitate mota hori inbaditzailea delako, erasokorra oso.
Hortik misterioa. Zeren deiak gero eta ugariagoak baitira, edozein ordutan, are igande eta jaiegunetan. Pandemia bihurtu direla esango nuke, baldin eta benetako pandemia gainean ez bagenu.