Borrar

Presidente zaharra

Bai horixe ·

Zahar horrek dagoeneko inor gutxik espero zituen neurriak hartu ditu

Astelehena, 10 maiatza 2021, 07:01

Comenta

Joe Biden, Estatu Batuetako presidente berria, zaharra da eta beste zahar batek galdutako postuan dago orain, munduko boterearen gailurrean. Hirurogeita hamazortzi urte ditu eta aurreko presidenteak hirurogeita hamabost. Aurrekoak lanak hartzen ditu adina ezkutatzeko eta oraingoak ez. Baina biak dira zaharrak. Eztabaida daiteke eta eztabaidatzen da noiztik den bat zaharra, baina ezin uka hirurogeita hamabost urtetatik gorako pertsona zaharra denik, ezta 'zahar' hitza pertsonentzat erabili nahi ez duenarentzat ere.

Bidenek ile gutxi du eta hura guztiz zuria, batzuetan trabatu egiten da hitz egiterakoan, estropezu egiten du eskaileretan, batez ere eskudelari heltzen ez badio, ibilera zalantzakorra du batzuetan eta gustura heltzen dio aldamenean duenari, galdutako egonkortasunaren bila. Gainera, bizitza osoa darama kargu publikoetan, etenik gabe, kargu batetik bestera, dagoen lekura heldu arte.

Jakin badakigu horrelako kargu batean dagoen pertsona ez dela izaki bakartia, bere inguruan talde handiak dituela, baita interes partikularrak defenditzen dituen pertsona multzoa ere. Ezin du nahi duena egin, egoerak ahalbideratzen dionarekin konformatu behar du, baina ahal duen hori ez da gutxi.

Hori guztia kontutan izanda, han eta hemen, askok pentsatu zuen nahikoa izango zuela irautearekin, hori baita adin bereko pertsona gehienen helburua, iraupena. Jakina zen aurreko presidenteak hartutako hainbat neurri ezabatuko zuela eta esaten zen hortik kanpo ezer gutxi egingo zuela, murmuan pasako zituela egunak, jendaurreko ekitaldiren bat ez zuenetan.

Bada zahar itxura duen zahar horrek, lehenengo egunetik, inor gutxik espero zituen erabakiak hartu ditu. Lehen ehun egunetan, hauteskunde kanpainan agindutakoaren ehuneko berrogeia bete du. Lehen ehun egun horietan ehun miloi pertsona txertatu ditu bere gobernuak, diru laguntzak helarazi dizkie familiei, azpiegiturak berritzeko kanpaina bat jarri du abian, nazioarteko harremanetan aurreko presidenteak desegindakoa berregiten ari da, enpresa handiei zergak igotzeko asmoa jakinarazi du eta, azken egunotan, Covid-19aren kontrako txertoak mundu osora zabaltzeko asmoari ekin dio.

Ez da iraultza bat, ezta inondik ere, baina ez da gutxi askok gutxiesten zuen zahar ahul batentzat. Agian zaharra delako, ez duelako bere etorkizun pertsonala zaindu behar, jakin badakielako bizitzaren zatirik handiena atzean duela.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Presidente zaharra