Orain herri kiroletan
Bai horixe ·
Seguru esango digutela guztiok bat egin behar dugula, elkarlaneanLiskar/eztabaida/arazo/korapilo gutxi genuela eta, beste bat sortu zaigu egunotan, gure tradizioaren bihotzean, aizkolarien artean edo aizkolari askoren eta teorian ordezkatzen eta gobernatzen dituzten federazioaren artean. Horretan bai garela espezialistak, eskarmentu handikoak, hainbeste zatiketetan zailduak eta ikasiak. Edozein arazori konponketa bilatzeko orduan, lehen bururatzen zaigun irtenbidea da zatiketa.
Irakurle askok izango du gertakizunaren berri, han edo hemen entzun edo irakurritakoa. Gauza da lehen mailako 12 aizkolarik, bigarreneko 8k eta hortik aurrera batuko zaizkienek, federaziotik kanpo antolatuko dutela sail bakoitzeko txapelketa bana. Bi aizkolari txapelketaren ordez, lau, nonbait, diru kontuak ere tartean daudela.
Erabakia hartu duten aizkolarien esanetan, arazoa ez da dirua soilik, ezta dirua batez ere, federazioaren jardun osoa baizik, zaharkitua omen dagoelako, ez omen duelako garai berrietara egoki-tzen jakin, ez omen duelako errealitatea ulertzen.
Herri Kirolen Federazioak, berriz, adierazi du dirua dela arazoa, aizkolariek irabazpenen ehuneko ehuna nahi dutela eta, galerarik balego, kaltea federazioarentzat litzatekeela. Eta adierazi du iragarri diren txapelketa horiek ez direla ofizialak izango, eta ezingo dituztela lehiaketa berrian federazioarenak diren ikur eta irudiak erabili. Federazioak esan du txapelketa berriak bazterrekoak izango direla erabat, ofizialtasunik gabeak, bertan parte hartzen dutenak aizkolaritzaren lehen mailan badaude ere.
Hori guztia herri kirolekin apenas harremanik duen norbaitek, oraingoz, ulertu duena. Kendu liskar berri honi hainbat xehetasun, kendu herri kirolei dagokien pisu sinbolikoa eta edonork an-tzemango du beste hainbat zatiketaren usaina, oihartzuna. Politizazioa falta zaio, baina seguru luze baino lehen jarriko zaizkiela koloreak batzuei eta besteei eta guztiek ukatuko dutela lepora-tzen zaien lerrokatze hori, seguru esango digutela guztiok batu egin behar dugula, guztiok elkarlanean jardun behar dugula.
Aizkolarien eta federazioaren arteko liskarra sortu berria da, oraindik ez ditu aspaldiko beste hainbat zatiketak biltzen dituen geruzak sortu, baina etorriko dira. Edo agian ez, agian zatiketa sendotu baino lehen, arrakala izugarria gertatu baino lehen bi aldeek ematen dute amore zerbaitetan eta liskarraren ondoren hobetu egiten da guztien egoera. Mirari bat litzateke, hori bai.