Ohituren onura
BAI HORIXE ·
Deskubritu dugu tabernarik gabe gure nortasuna hanka-motz gelditzen zaigulaNagienak, zereginik gabe eguna arrastaka pasatzen duenak ere, hamaika erabaki hartzen du egunero, esnatzen denetik gauean berriz loak hartzen duen arte. Zer egin, noiz, nola egin, zer gosaldu, ze bidetik joan lanera edo paseoan, non eseri bazkaltzeko orduan, ze tabernatan hartu goiz erdiko kafea, nori deitu telefonoz, zer jantzi, nola orraztu, ze telebista kate aukeratu, ze egunkari erosi, ze irrati entzun ...
Horietako erabaki gehienak ohituraz saihesten ditugu. Beti jaikitzen gara ordu bertsuan, hartzen dugu mahaian edo ohean leku jakin bat, gosaltzen dugu kafea edo tea, jaten dugu arroza igandetan edo arraia ostiraletan. Betiko ohiturek erraztu egiten digute bizitza, erabakiak hartzeko nekea arintzen digutelako. Ohiturarik gabeko bizitza neketsuagoa litzateke. Horretarako balio digute ohiturek, bizitza errazteko. Hori bai, ohitura mendekotasun bihurtu arte.
Honetan ere guztiok ez gara berdinak. Batzuk apenas egiten duten ohitura hautsiko duen ezer, beste batzuentzat ohiturak aldatzea bizitzaren gatza da. Ez dakigu zergatik egiten dugun hau edo hura, agian ezta noiztik ere eta horregatik esaten dugu betiko ohitura dela egiten dugun hori, beti horrek jaiotze data badu ere.
Gainera, ditugun ohitura gehienak berezkoak iruditzen zaizkigu, normalak, bedeinkatuak. Are gehiago, hainbati arraroa egiten zaio gauzak beste modu batera edo beste ordena batean egin daitezkeenaren burutazioa bera. Ez, modu bakarra dago hau edo hura egiteko eta, noski, gurea da modu hori, ez besterena.
Bitartean mundua gero eta abiadura handiagoz aldatzen da eta askoren ohiturak ere bai, batzuetan halabeharrez. Beste batzuenak, berriz, hor jarraitzen dute, inolako aldaketarik gabe, harri bilakatuak. Edo aldatu dira, adibidez pandemiaren eraginez, baina presa dugu lehengora itzultzeko, lehen egiten genuena berriz egiteko. Porlanezko kakoak jarri nahi dizkiogu hilabete hauei, harresiak.
Adibidez, deskubritu dugu tabernarik gabe ez garela inor, hori gabe urtu egiten dela gure nortasuna, hanka-motz gelditzen zaigu. Gerta zitekeen hilabete hauetan tabernarik gabe bizi daitekeela deskubritzea ere, baina ez zaigu hori gertatu. Tabernak, kafetegiak, jatetxeak, terrazak gure nortasunaren ezinbesteko zati dira, ohitura izatetik tradizio izatera heldu direnak.
Lehen, Pirinioetako magaletan dantzan egiten zuen herria omen ginen, herri dantzaria. Orain, tabernetara erromes doan herria gara.