Nongoa zara
Bai horixe ·
Eta ez dakizu zer jakin nahi duen, non sortu zinen edo non bizi zarenJakin, aspalditik dakigu guztiok planeta berean jaio eta bizi garela, planeta bakarrean eta halere gure burmuinean muga ikusezinak eraikitzen ditugu etengabe. Nongoa zara, galdetzen diogu edonori behin eta berriz, jaioterriak pertsonaren izaera goitik behera zehaztuko, mugatuko bezala. Zu ez zara hemengoa, zu ez zara hemen jaio, edo bai, baina zure gurasoak kanpotarrak ziren edo zure aitona-amonak kanpotarrak ziren. Kanpotarrak, Martekoak. Bestea.
Eta, halere, errealitateak frogatzen digu noraino gauden elkarlotuak. Japonen egindako itsasontzi erraldoia, Panamako bandera duena, Suezko kanalean trabatzen da eta egun gutxiren buruan Pasaian igartzen da istripuaren eragina eta berehala guztion patrikatan. Wuhan izeneko hiri txinatar batean sortzen da birus bat eta jabetu orduko gaixotu da munduaren zati handi bat, are gure inguruko mendi tontorretan.
Amaiezina da zerrenda eta halere jarraitzen dugu pentsatzen norberaren ikuspuntua, izaera, ekintzak, sortzen ikusi zaituen klanak baldintzatzen duela, familiak, sorterriak, tribuak. Hemen jaio ez bazara ezin duzu hau edo hura ulertu, zure gurasoak ez baziren hemen sortu, zu betiko izango zara kanpotarren semea edo alaba.
Nongoa zara galdetzen dizute eta ez dakizu zer jakin nahi duten, non sortu zinen, non bizi zaren, non sufritzen edo gozatzen duzun gehien, non ikasi duzun dakizun gutxia. Nongoa zara, galdetzen dizute eta ez dakizu zer jakin nahi duten, sorterriaren izena edo ze leinutakoa zaren, ze armarri zegoen armarririk gabeko zure jaiotetxean. Nongoa zara, galdetzen dizu zure hizkeran ñabarduraren bat igarri duenak eta ez dakizu zer esan, non sortu zinen edo nongo hizkera erabiltzen duzun, nongo doinuak bustitzen duen zure mintzaera.
Ulertzen da galdera horien garrantzia puntu batean jaiotakoa beti puntu berean bizi zenean, askotan aldameneko hiriburua apenas ezagutzen zuenean, mundua klanetan edo tributan banandua zegoenean, muga guztien gainetik. Baina mundu hori aspaldi desagertu zen, erremediorik gabe desagertu ere. Onerako nahiz txarrerako, elkarlotuak gaude.
Suezeko kanala buxatzen duen ontzia Asian sortu zen, Ameriketako herri batean du egoitza ofiziala eta munduko bazter guztietan sortutako marinelek gobernatzen dute. Gainera, itsasontziak daramatzan edukiontziak mundu osoan zabalduko dira. Berdin kanala ireki zain dauden itsasontzien edukia.
Axola du nongoa den Suezko kanalean trabatua dagoen itsasontzia?