Bi munduren talka
BAI HORIXE ·
Harrigarria bada ere, ez da inor poliziarena egitera ausartzenBi mutil gazte, hogei urtetatik behera, kale bazterreko petril batean jarriak, festa egun batez, goizean goiz, maskararik gabe. Aldamenean, okindegirako ilara, zain geundenon artean beharrezko tartea errespetatuz, musukoa soinean, batzuk etxetik atera aurretik hartutako dutxaren aztarnak ilean. Bi lagun egon daitezke dendaren barruan batera eta batzuk ez dute presarik, erosi, ordaindu eta alde egiteko, berriketan gelditzen dira barruan. Hortik jaiki berriek osatzen duten ilararen luzea.
Gazteak gau pasa eginda daude, auskalo non eta norekin. Zutik jarri ezkero ez dira seguruenik eroriko, baina moteldua dute mingaina. Ilaran dauden pertsona helduak (oso helduak batzuk, umotuak) agirakazko begiradak zuzentzen dituzte gazteengana tarteka, baina, harrigarria bada ere, ez die inork ezer esaten, ez da inor poliziarena egitera ausartzen. Musukoa, faborez, diote begirada horiek isilpean eta birusak uholdeka eraso egiten irudikatzen dituzte, gazteengandik ilaran daudenengana.
Gazteentzat, berriz, ez dirudi ilara dagoenik ere. Ez dago inor okindegiaren atarian, agian ezta munduan ere, haietako batek sakelakoa begiratu eta bertan ordua ikusi arte. Orduan esaten dio lagunari, euskaraz edo, zehazkiago, euskañolez, etxerako ordua dela, baina ez dira dauden lekutik mugitzen. Petrilera itsatsiak dirudite.
Halako batean bietako bat zutitzen da eta lurra finko dagoela egiaztatu ondoren esaten dio besteari kruasan batzuk erosiko dituela, etxera eramateko. Eta eskua sakelan sartuz, abiada geldo baina deliberatuekin, okindegirantz doa, ilararik ez balego bezala. Orduan bai, orduan asaldatzen dira zain daudenak eta lehen lekuan dagoen emakume adinduak esaten die ilaran jartzeko eta bere atzetik dagoenak maskara aipatzen dio gazteari, maskara jarri behar duela esaten dio.
Bi burbuila arrotz elkarrekin talka eginez, festa egun batez, goizean goiz, okindegi baten aurrean. Bi gazteak zutik daude orain, atetik hurbil eta begi bistan elefante bat balute ez lirateke gehiago harrituko. Begiratzen diote elkarri, galderak begietan, eta sorbaldak jaso ondoren hartzen dute ilararen bidean baina ez dira bertan gelditzen. Etxera joango dira edo agian ez, baina isilean egiten dute alde.
Marmarrak tartetxo bat irauten du ilaran. Gazte hauek ez dakite errespetua zer den, ez dute lotsarik ez ganorarik ez jendetasunik. Eta hortik gora, bat-batean denda hustu eta ilarak aurrera egin arte.