Konspirazioa azalpen
Bai horixe ·
Norbaitek kontrola dezala mundua, txarrerako bada ereAskorentzat, edozer kontu zergatik eta nola gertatu den ulertzeko, konspirazioak dira biderik aproposena. Edonon antzematen dituzte azpijoko aldrebesak, radarrak igartzen ez dituen mugimenduak, informaziorik hoberena dutenen eskura daudenak, sustraien sustraiak, iluna den mundua are gehiago iluntzen duten amarruak.
'Konspiranoiko' esaten zaie orain horrelakoei, ondorio guztien iturburua lotura bitxi eta zuzenen bidez esplikatzen dutenei. Beste batzuk halabeharra edo utzikeria ikusten dugun lekuan, askok kausalitatea ikusten du, fikzioan hain arruntak diren esku ezkutu eraginkorrak. Gehienetan ezin dute diotena frogatu, baina horrek ez du axola. Hari maltzurrez josia omen dago mundua, sare bat osatzeraino.
Ez badago jainko ahalguztidunik edo, egonda ere, jainko hori lotan badago edo entzungorrarena egiten ari bada, gutxienez egon dadila norbait hariak mugitzen, konspirazio finak antolatzen. Azken batean, norbaitek kontrola dezala mundua, txarrerako bada ere, egon dadila norbait erpinaren erpinean. Niri gehienetan esplikazio horiek ondo landutako fikzioak iruditzen zaizkit. Baina, noski, jakin badakit konspirazioak existitzen direla, historiak hainbestetan frogatu duenez.
Adibide bat. Covidak menperatu gintuenean, hasieratik esan zuten batzuk birusa ez zela kasualitatez sortu, norbaitek fabrikatu eta zabaldu zuela. Iritzi hori plazaratu zuen Estatu Batuetako presidente zenak. Trumpek esan zuen Txinak propio zabaldu zuela birusa, mundua kontrolatzera heldu nahi zuelako. Etorri ziren ondoren kolore askotako zientzialariak eta esan ziguten ezetz, animali batengan sortu zela birusa eta handik gizaki batengana egin zuela salto. Zoonosis esaten omen zaio sarritan gertatzen den salto horri.
Horretan geunden berriz ere egunotan beste bertsio bat zabaltzen hasi denean. Ez litzateke propio zabaldutako birusa, baizik eta istripuz laborategi batetatik ihes egindakoa. Txinako zientzialari batzuk antzemango zuten birus bat animali batean eta laborategian ariko ziren birusa aztertzen, beste hamaika birusekin batera. Laborategi hori Wuhanen zegoen eta dago eta segurtasun neurririk handienak omen ditu. Mundu osoan, maila horretako beste hogeita hamar laborategi omen daude soilik.
Bada, segurtasuna segurtasun, birusak aurkituko zuen zirrikituren bat eta handik zabalduko zen mundu osora. Konspiraziorik ez, istripu bat baizik. Konspiranoikoek, ordea, ez dute istripuengan sinesten.