Txakurra
Nola azaltzen zaio semeari Leaburuko ermitako paretan biek irakurritako 'Uribe akatu' hura? Akatu ez da ertzainik egiten, txakurrik ere ez. Akatu ez da inor eta ezer egiten
Egingo zioten oihu. Txakurra! Zuzenean edo zeharka. Txakurra! Ahoz edo idatziz! Txakurra! Berari edo lankideei. Txakurra! Harridura ikur eta guzti. Iraina zarta! aurpegira. Lehertu. Zulatu. Hautsi. Txakurra! Ez dakit non izango duen irain forma horrek jatorria. Bitxia da, txakurra omen gizakiaren lagunik onena. Ba, bakarren batek asmatu zuen gorrotoari bide emateko ertzainari txakurra esan behar zitzaiola eta atzetik askok segi. Zer diren kontuak.
Mikel Uribe ertzainburua zen ETAk hil zuenean. Mikelek oso maite zuen txakurrak hartu eta mendira joatea. Halaxe kontatu digu azken asteetan bere seme Ibaik. Auskalo zer esaten zien bidelagun zituen txakurrei Mikelek itzuli haietan. Izango zituen barrua inarrosten zioten kontuak; irain, mehatxu eta gaineratikoak. Agian ehiza-txakurrekin partekatuko zituen etxekoei isiltzen zizkienak. Nola azaltzen zaio semeari Leaburuko ermitako paretan biek irakurritako 'Uribe akatu' hura? Akatu ez da ertzainik egiten, txakurrik ere ez. Akatu ez da inor eta ezer egiten.
Astelehenean gora eta behera ibili zen Ibai Mandubiko mendatean. Hogeita bost aldiz gora. Lortu zuen gaina hartzea, goia jotzea. Zerua han dago, baina guk hemen bizi behar dugu, ezta, Ibai? Eta ahal dela maitasunez. Eta ezin bada, izan dadin lan eginez. Bide-lagun asko izan zituen gora eta gora, asko txirrinduz, asko bide bazterretik aupaka. Hunkigarria izan zen txalo-zarta bakoitza, hunkigarriak esker oneko irribarreak bueltan. Bukaeran besarkadak. Bukaeran hitza. Bukaeran dantza eta musika.
Bukaeran oso momentu ederra bizi izan nuen. Zirrara eragin zidana. Momentuan bertan ez nion inori kontatu, neuretzat gorde nuen magia. Olerki, bertso, akordeoi eta sorpresen atzetik zuk hartu zenuen hitza, Ibai. Une hartantxe laztan bat sentitu nuen albotik, belaun parean. Ez dakit nondik eta nola azaldu zen, ez dakit norekin zegoen. Txakur eder bat nuen aldamenean, lasai-lasai, zure hitzei adi-adi, begiak zugan. Pittin bat makurtu eta eskua jarri nion bizkar gainean. Berehala pentsatu nuen txakur eder haren baitan aita zenuela begira-begira, harro. Dantzariek ondo merezi zenuen moduan borobildu zutenean ekitaldi xume-goxo-eder hura, txakurrak begira-begira jarraitzen zuen. Malko ttiki bat irristatu zitzaidan masailean behera. Amarekin bizitza besarkada zoragarri batean estutu zenuenean, txakurrak pauso bat eman zuen aurrera zuenganantz. Gehixeago makurtu eta belarrira esan nion: segi.