Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Egin kontu

Denbora

Gizakia beti izango da, besoa luze, ihesi doakion natura harrapatu nahian, arnasa estu, denborari korrika egiten dion zer arraro hori

Osteguna, 29 otsaila 2024, 01:00

Comenta

Egunak hogeita lau ordu baino gehiago balitu... Ba, auskalo. Auskalo nola eta zertan igaroko genukeen gehiago hori. Sosegu izango litzatekeen. Edo beste zerbait. Azkazalei hozka eta hazka gehiago egingo genieke. Ze batzuetan denborarekin zer egin asmatzea ere... Telefonoari, ttak, alferrikako beste pare bat begiratu. Edo loari bost minutu lapurtu. Egunak hogeita lau ordu baino gehiago izanda ere, hozka eta hazka loari. Lasaiago ibiltzeko. Haserretu garenarekin adiskidetzeko denbora gehiago izango genuke, baina haserreak ere proportzioan pilatuko litzaizkigukeenez, akabo. Katramila ederra. Ederra, tira... zerbait esatearren. Braust, batzuetan ia hobe Lurrak bere ardatzarekiko jira-buelta hori bat-batekoa egingo balu. Braust. Aurreskua dantzatzen erakutsiko bagenio. Salto eta buelta. Eta ahal izatera zuzen lurreratu, gerria tente. Baina ez gehiago eta ez gutxiago. Egunak hogeita lau ordu ditu. Denborak kabiarazten ez bagaitu, denboran kabitzen asmatzen ez badugu, denborari kabida ematen ez badiogu, badakigu zer egin behar dugun, azkazalei, loari, telefonoari eta dena delakoari hozka eta hazka azkarrago egin. Abiadura handiagoan.

Egunari hogeita lau ordu baino gehiago ezin eman, baina urteari tarteka egun bat gehitzeko modua asmatu zuen bakarren batek. Eta batzuek. Eman, kendu, moztu, gehitu. Biderkatu eta zatitu. Denbora puskekin zer egingo eta denbora bera puskatu beharrik gabe, to otsailari ulu egiteko gau bat gehiago azkenean. Lauren mutiploak diren urteetan. Tira, lauren multiplo izanik, 100en multiplo ez diren urteetan. Tira, lauren multiplo izanik, 100en multiplo ez diren, baina 400en multiplo badiren urteetan. Egun bat gehiago. Tira, gehiago... Izan ere, egon, denbora hor dago. Berdin zahartuko gara (berdin egingo digu denborak eta egingo diogu denborari hozka eta hazka), otsailaren 28an pausa eginda edo pausoa emanda. Baina mundu deitzen diogun festa-saltsa hau nolabait ordenatu behar da, eta zerura begiratzea nahikoa ez denez, zeruari begiratzeko moduak beti (esan nahi baita denbora finituaren aspaldiko garai itxuraz infinituetan) landu izan dira. Eta nola onartu ba egutegiko orri solteak bukatu eta Lurrak artean Eguzkiari bira emateke mugimenduan jarraitzea. Gizakia beti izango da, besoa luze, ihesi doakion natura harrapatu nahian, arnasa estu, denborari korrika egiten dion zer arraro hori.

Gaztetxotan izan nuen irakasle bat otsailaren 29a zuena jaiotegun. Lau urtez behin zahartzen zela kontatu zigun. Eta guk sinetsi egin genion.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Denbora