Borrar

Iraingileak eta irainduak

Bai horixe ·

Irainak gehiago marrazten du iraingilearen nortasuna irainduarena baino

Astelehena, 18 urria 2021, 06:37

Comenta

Dirudienez, erraza da kalean norbait iraintzea, normala ia. Kalean, eskolan, sareetan, kirol zelaietan, edozein aitzakia dela medio. Iraindu dute Espainiako presidentea desfile militar batean (okupa, lapurra, putakumea ...); iraintzen dituzte haurrak eskoletako jolastokietan; iraindu dituzte futbolean ari ziren neskak (puta, bortxatuko zaitut ...); iraintzen dituzte egunero homosexualak kalean; iraintzen dituzte kolore bateko nahiz besteko militanteak horrexegatik, militante izateagatik; iraindu dituzte Hondarribiko hainbat zinegotzi mugikortasunaren inguruan sortutako desadostasun baten bueltan...

Aspaldi honetan, sarriak dira irainak, ugariak, nonahikoak. Eta, halere, pentsatu nahi dut, pentsatzen dut, asko garela sekula santan inor iraindu ez dugunok, agian beste norbaitekin hizketan ari garela hirugarren bat irain dezakegu, baina ez diogu irainduari hori adierazten, gehienez jota ere zeharka helduko zaio iraina biktimari. Esango nuke gehienok ez dugula jendartean iraintzeak ematen omen duen gozamena ezagutzen.

Entomologo baten xehetasuna erabiliz, esan dezakegu errazago iraintzen duela batek taldearen arrimuan, taldearen babesarekin edo sare sozialen izengabetasunaren laguntzaz. Errazago iraintzen dela distantzia fisiko pitin batekin, aurrez aurre baino. Eta irainak gehiago marrazten duela iraingilearen nortasuna irainduarena baino. Emakume bati, futbolari, zinegotzi, herritar arrunt, puta esaten dionak bere burua nabarmentzen du, ez irainduarena.

Gauza da autolaguntza liburuxka bat idatzi behar litzatekeela jendartean botatako irainen aurrean nola jokatu irakasteko. Irainduaren eskuliburua, soldata publikoa jasotzen dutenentzat nahiz pertsona arruntontzat. Doan, baldin eta irainen kontrako kanpaina baten barruan balego, ordainduta bestela.

Hondarribiko zinegotzi batek galdetzen zuen duela gutxi, sare sozial batean, irainak eta gaitzespenak normaltzat hartu behar ote ditugun. Balizko eskuliburuaren lehen erantzuna: bai, baldin aldez aurretik beste batzuk jasotako irainak gaitzetsi ez badituzu. Ez du balio zerorrek jasotako irainen kontrako protestak, baldin eta aldez aurretik besteek jasotako irainen aurrean entzungorrarena egin baduzu.

Norberak jasotako irainak barkaezinak badira, besteek jasotakoak ere bai. Jasotako irainak biktima bilakatzen zaitu eta horrek, gutxienez, beste biktima batzuekiko elkartasuna sorrarazi behar lizuke.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Iraingileak eta irainduak