Giza ehiza kalean
Bai horixe ·
Iruditzen zait amorrua dituzten abantailak galtzeko beldurretik datorrelaGizon gazte batzuk, kalean, ordu txikietan, adinkide bati egiten diote eraso, ostikoka, kolpeka, heriotzaraino. Edo agian jipoia ez da hain larria, kankarreko batzuk besterik ez, edo irain soilak, kolperik gabeak, ia beti irainduaren sexu norabideari buruzkoak. Mailakatze osoa ikusi dugu azken egunotan, homofobiaren kolore guztiak, are hain aurrerakoia omen den gure etxean.
Nondik datorkie erasotzaileei kanporatzen duten gorroto hori, noiz sortu da, noiz indartu da, lehertzeraino? Kosta egiten zait ulertzea horrelako jokaera gehienetan hogeita batgarren mendean jaio direnengan. Iruditzen zait amorru hori beldur batetik datorrela, ezinbestean, beldurra dela litekeen azalpen bakarra. Beldur dira, mehatxu bat ikusten dute bestearengan, kalean lasai antzean eta inori eraso egin gabe badoa ere.
Zeren beldur? Bizi duten munduan dituzten abantailak galtzearen beldur. Maila ekonomikoa bazter utzita, gizartearen gailurrean daude, gizonezkoak dira, gazteak, zuriak, inguruan jaioak, heterosexualak eta kalean gurutzatzen duten homosexual horrek lehentasun hori ezabatu dezakeela sentitzen dute. Edo agian inoiz sentitu dute beste gizon batekiko erakarpena eta horrek seinalatzen die amildegiaren ertzean daudela, ez daudela arriskutik libre. Auskalo.
Eta ekitaldi makur horren erdian, bat-batean, gizon erasotzaileen artean emakume bat edo batzuk sartzen dira, adibidez, A Coruñako kasuan. Lehen atxilotuen artean, hiru gizon eta emakume bat, heriotzaraino helduko den erasoaren hasierako txinpartan, berehala giza ehiza-txakurren saldoa bilakatuko den gertakizunaren hastapenean, baita ia berrehun metro iraun zuen jazarkundean ere.
Hedabideek lekukoen esanetan kontatu digutenez, doilorkeria horretan parte hartu zuten emakumeek, atxilotuak eta beste hainbatek, ez zuten zuzenean ehizatu nahi zuten gaztea kolpatu. Ez, erasoaren parte izan nahi zuten eta halaxe izan ziren, baina jo gabe, oinetakoak odolez zikindu gabe: hiltzaileak animatzera mugatu omen zen neska horien jarduna. Emaiok, emaiok.
Gizonen kasuan beldurra izan badaiteke amorruaren iturburua, zerk bultzatu ditu emakume gazte horiek egin dutena egitera? Zeren beldur dira? Inguruan dituzten gizonen onarpenaren bila dabiltza? Uste dute gizon eta emakumeen arteko eskubide berdintasuna gauzatzen ari direla? Egunkariaren orrialde osoa bete dezaket galderez. Erantzunez, ordea, ezta lerro bat bera ere.