Borrar

Quousque tandem...!

Arantzazuko Amari esango nioke: «Pakea al da beharrezkoen ala bizitzea fedez? Zintzoak izateko prest gaude, tontoak izateko ez»

Gaizka Lasa

Donostia

Ostirala, 12 iraila 2025, 02:00

Comenta

Sinesmenak bultzatzen gintuen Arantzazuraino. Erroskilla zuri haiek ere bidaia gozatzen zuten, baina fedea zen erregai nagusia. Autoa bedeinkatuz gero, salbu ginela barneratu genuen eta, honenbestez, bizikleta ere eramaten genien frantziskotarrei, denboraldi osoan istripuetatik libre eduki zezaten. Oharkabean aste honetan joan zaigun Arantzazuko Amaren Egunak gogorarazi dit gazteago gineneko ohitura. Eraman ote al dute oriotarrek bere trainerua? Garaiz dabiltza oraindik. Istripurik ezean –eta isun gehiago gabe–, Kontxa eurena izango delakoan nago.

Han goian bai, hemen behean ez bezala, arnasa, bakea eta hausnarketarako argi puntua. Handik datorkigu aste honetako mezua. Fernando Prado Ayuso, Donostiako Gotzainak, astearteko homilian esan zituenetatik bi ideia geratu zaizkit kaskezurrean: «Elkarrekin fedea ospatzean, norberarena indartuta ateratzen dela», batetik, eta «bizitzaren horizonte etikoarena», bestetik. Batasuna eta duintasuna. Bururatzen al zaio norbaiti uztarketa egokiagorik kausa handiei aurre egiteko? Pazientzia, Fernando, pazientzia.

Izan ere, Arantzazu aipatuta, Oteizak euskal arimaren interpretazio estetikoari buruzko saiakera etorri zait burura. Izenburu esanguratsua jarri zion: 'Quousque tandem'. Berez, esaldiak jarraipena du: ...«abutere, Catilina, patientia nostra?», dio. Honako itzulpena izango luke euskaraz: «Noiz arte... abusatuko duzu gure pazientziaz, Katilina?». Bada, Palestinaraino joan gabe –ez txirrindularitza ez unibertsitate publikoa ez zaizkit auzira iristeko biderik zuzenenak iruditzen, dena esaten hasita–, gertuago baditugu Katilina franko. Galdetu bestela etxebizitza bila dabiltzanei edota euren herrialdeetatik hala beharrez atera eta jazarpena pairatzen dutenei. Edozein indarkeria mota jasaten dutenei. Euskara hil baino lehen euskaltzaleak esnatu nahi dituztenei. Aspaldikoak dira aferak eta horixe okerrena. Kronikoak bilakatzen direla. Noiz arte Katilina? Gotzainak utzi digu errezeta: fedearen inguruan indar metaketa eta ikuspegi etikoa erdigunean.

Bien bitartean, zer? Segi kolpeka. Ez dago besterik. Bitoriano Gandiagak iradoki moduan: «tiriki, tauki, tauki, mailuaren hotsa. Tiriki, tauki, tauki, mailuaren hotsa. Etsipen kolpe bat da ukaldi bakoitza. Ai, oi, ai, ukaldi bakoitza». Fedea elikatzen jarraitu behar han eta hemen. Pazientziaz. Nikolas Zendoiaren bertsoa baino hoberik ez dago laburpen gisa: «Pakea al da bearrezkoen ala bizitzea fedez?/nortanai ere gaur Arantzazuk egin dezaigula babes/egunez lortu ezin deguna eskatu dezagun gauez/zintzoak izateko prest gaude, tontoak izateko ez».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Quousque tandem...!