Demonioaren fruta santua
'Ipuscua' izenaren mila urteko eskuizkribuak baino dezente sakonago azalduko digu gure izana sagarrak
Ikastolako hamaiketakoa aukeratzea ez da erronka makala. Irudimena goibel egon ohi den orduan iristen da, gainera, eguneko lehenengo erabaki potoloa hartzeko trantzea. Korrika eta presaka hartu beharrekoa, dena esate aldera. Honek azukre gehiegi, beste horrek zikintzeko arriskua, hark glutena, besteak lagunak usaindu ere ezin duen almendra... Azkenean betikoa. Sagarrondoaren fruitu santua: demonio berak Adan zirikatu zezan Evari eman zion edabea, hain zuzen ere. Edari suspergarriaren lehengai izateak ere lagunduko zion, noski, bere ospe hori bereganatzen, baina egiari zor sagarra goratu beharrean gaude, neska-mutilak. Ez etorri gero kopetilun elikagai sano bezain gozoaren bila. Errespetua. Pentsa, Anjel Mari Peñagarikanoren inspirazioa zenbateraino piztu zuen: «Heldu ziran sagarrak/ bai gauza ederrak/ hala zion amona zaharrak:/ umeak, onak bildu ta bota txarrak/ utzi ustelak ta utzi tatarrak/ bestela nola bete pitxarrak». «Lan egin zuen tolareak/ bai gauza dotoreak/ bai zapaldu ere aleak ta lan ugari taldeak/ hango zertzak ta hango baldeak». «Hasi zen txorroa/ txorroak bete txarroa/ txarroan apar arroa/ ta parrillan dago katxarroa/ kiloko txitxarroa». «Hona hemen sagar mama/ gure elikaduraren ama/ ona dauka behintzat fama». «Jendez bete Hernani/ zenbat juerga ta armoni/ haien tartean ni, ez al zaigu ba komeni, goxotasuna eman behar bizitza honi».
Euskal Herrian izango dira meritu gutxiago eginda instituzio bilakatu diren ondareak. Nolanahi ere, zorretan sentitzen bazara, jakin ezazu asteburuan sagarraren jaia izango dela Astigarragan. Aste honetan aurkeztu dute aurtengo sagar uzta, non eta Altzon, duela mila urte 'Gipuzkoa' izenaren idatzizko lehen aipamena (Ipuscua) aurkitu zen herrian bertan. Eskuizkribuaren urtemugak balore komunitarioak ospatzeko balio izan badigu, zertarako ez digu balioko goseari aurre egitea lortu duenak? Auzolana sustatu eta hainbeste festa ardaztu dituenak. Euskal Herriaren izena ez ezik izana ere munduan zehar zabaldu duenak.
Jakoba Errekondok behin idatzi bezala, «sagardo hitza gaur egun ez da edari baten izen hutsa. Sagardoa aipatzeak, joera zahar eta berriak dakartzagu... sagardoa ohitura zaharrak dira; txalapartaren oihartzunen buelta. Sagardoa, bertsozale guztiak, ase eta freskatzen dituen iturria izateaz gain, bertsoa da. Sagardoa azti, sorgin pitargile eta modernoen edaria da. Sagardoa, kaletarren inbidia eta baserritarren gutizia ohoretsua da. Sagardoa magia da».
Ez dakit hainbesterako izango den, baina gaur ere hamaiketakoaren dilema erraz konpondu dugu etxean.