Gabon gaueko afaria
Bai horixe ·
Honezkero etxe gehienetan badakite zer jango duten Gabon gaueanAurrera doa urte beltz honen abendua eta pandemiaren ondorioz jarritako muga aldakorrak zertan diren kontutan izanda, etxe gehienetan badakigu zer egin behar genukeen Gabon gauean, argi dugu zer egin dezakegun baita zer egingo dugun ere eta martxan hasiak dira logistika lanak, menuak, erosketa zerrendak, prestalanak.
Noski, badira Gabon gauean zer ospatu ez duten etxeak edo ospakizunari uko egiten dioten pertsona eta familiak. Baina honezkero etxe gehienetan badakite zer prestatu behar duten Gabon gauerako. Nork bere ohiturak ditu, askotan tradizio sakratu izatera heldu direnak. Gehienak jango dugunaren ingurukoak.
Gurean, aitona Tomasen arrain zopa da ezinbestekoa, aitona hil ondoren amak egiten zuena eta orain niri tokatzen zaidana, aurten jarraipena emango omen dionaren laguntzaz. Ugariak dira arrain zopa errezetak, ia etxe bakoitzeko bana. Gureak sopako ogia darama eta errezeta egin zenean, duela mende osoa, merke ziren arraiak ditu oinarri, arraia eta itsaskiak. Sekretu gutxi eta lan asko, horregatik egiten dut urtean behin soilik, zopa platera hustu ondoren laster beste behin egingo dudala pentsatzen badut ere.
Hortik aparte ez dut gogoan zer jaten genuen haurtzaroko Gabon gau haietan. Aldez aurretik beste jaki batzuk egongo ziren, okasioak hala eskatuta, agian alkatxofa albardatuak eta zainzuriak olio-ozpin saltsaz eta eskuz egindako maionesaz. Postrerako, hori bai, konpota, azken urteotan bazter utzi dugun fruitu lehorrekin egindako konpota gozo eta pisutsua eta turroiak, biguna eta gogorra. Eta afalostean karta partida luzea.
Geroztik entzun dut gaztaina erreak ere jaten zirela hainbat etxetan («eragiok mutil, aurreko danbolin horri») edo intxaur saltsa tradizionala zela, baita bisigu errea ere. Karakolak omen dira ohitura zaharra hainbat etxetan, baina gurean ez zen horrelakorik. Arrain zopa, konpota eta turroiak, horiek ditut gogoan, horiek gorde ditu nire burmuinak Olentzerok oraindik opariak ekartzeko ohitura asmatu ez zuen garai urrun haietatik.
Ez zait ahaztu aita langabezian zegoeneko Gabon gau bat. Arrain zopa izeba Mariaren etxetik ekarri zuen amak, poltsa batean sartutako eltzea eskutik zintzilik. Amak esan zigun lata bat zuela, melokotoiak almibarretan, eta ea noizko nahi genuen Gabon afarirako, Eguberri eguerdirako edo urte zaharrerako nahi ote genituen melokotoiak. Ez zen turroirik izan urte hartan. Karta partida, berriz, bai.