Borrar

Errukirik gabe

BAI HORIXE ·

Ezikusiarena egitea da askok aukeratzen duen balizko irtenbidea

Astelehena, 23 azaroa 2020, 07:20

Comenta

Aspalditik dator kontua baina azken hamarralditan norabide berria hartu du. Gutxiago gara Europatik alde egiten dugunok gurera bizitza duin baten bila datozenak baino. Mendetan europarrok egon gara joan-etorrien erpinean eta orain kontrako itsasaldian gaude. Ekialdetik eta hegoaldetik datozkigu ate joka, itsasoz nahiz lurrez, etxetik ihes egin beharrean dauden pertsonak.

Bidean, ahaztu zaigu mendetan gu izan garela atzerrian etorkin. Orain entzuten dugu 'etorkin' hitza eta Mediterraneoa datorkigu gogora, etsipenak bultzatuta guregana etorri nahi duten txalupa sinesgaitzak, ur gainean igeri antzean dabiltzan hilotzak, hondoratu diren gorpuak, lehorrera heltzen diren pertsona abandonatuak. Guztion porrotaren metafora mingarriak.

Zergatiak eztabaida ditzakegu, eztabaidatu behar ditugu arazoaren iturburura heldu nahi badugu, baina errealitatea hauxe da gaur eta hemen: arazo bat dugu Europan etorkinekin. Ez gara arazo hori duen mundu bazter bakarra, baina eztabaidaezina da arazo bat dugula. Are gehiago, arazoak ez du konponbiderik epe laburrean, ez dakigu zer egin datozenekin, Mediterraneoa nahiz Atlantikoaren ekialdea zeharkatzen duten pertsonekin, ez dakigu nola lotu hitzetik hortzera egunero erabiltzen ditugun hitz ederrak ekintza duinekin.

Eta hor ari gara, aitzakia bila, hondartzak, kaiak, islak, kaleak itsasoan galduta ibili ondoren lehorrera heldu direnekin zer egin jakin gabe. Gobernatzen gaituztenek ere ez dakite zer egin eta, bitartean, ez dute erruki izpirik azaltzen hainbeste nekez guregana etorri direnekin. Ikusi ditugu heldu berriak hegazkinez itzultzen, drogaturik, ikusi ditugu autobusetan kanporatuak, ikusi ditugu deslekua diren kanpamenduetan, Turkian, Grezian, ikusi ditugu Kanarietan hondartuak, ikusi ditugu Irunen ezabatu zen muga ezin gainditurik. Ikusi ez duguna errukia da.

Jakin badakigu etorkinak behar ditugula, badakigu behar gaituztela, baina ez gara ezer konpontzeko gauza, ezta solidaritaterik apalena ere eskaintzeko gai. Ezikusiaren egitea da askok aukeratzen duen balizko irtenbidea, begiak itxita gauzak desagerrarazten dituzten haurren antzera. Beste batzuk etengabe zabaltzen dute inguruan gorroto bilakatutako beldurra, etorkinei buruzko era guztietako gezurrak zabalduz, are gezurretan ari direla jakin ondoren.

Etsipena gelditzen zaigu, lotsa, auzo lotsa eta, agian, norbanakoak solidaritatea adierazteko aurkitzen duen zirrikitua.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Errukirik gabe