Ez dakizu nor naizen
BAI HORIXE ·
Gizonak esaten dio bera ez dela herritar arrunta, Iberdrolako zuzendari ohia baizikIlara luzea dago ospitalearen atarian. Sarreran, segurata bat et aurreraxeago osagile bat, sar zintezkeen ala ez erabakitzen duena. Zain daudenen artean gazterik ez, muxukoaren azpian zimur ugari., egoerak pazientzia eska-tzen duenaren jakitun.
Haien artean laurogei urte pasatxo izango duen gizon lodikotea, burusoila, soinean praka motzak eta kirol oinetakoak. Maskara jaitsita darama, sudurra airean eta segurtasun langileak esaten dio aurrera egin aurretik sudurra ere estali behar duela. Adeitasunez mintzo da langilea, ahotsa altxa gabe. Sudurra biluzik daraman gizona, ordea, asaldatu egiten zaio seguratari.
Lehenik esaten dio araua ganoragabekoa dela, zentzugabea, agintzen ez dakien norbaiten erabakia dela. Ikusten duenean zaindariak oraindik ezetz esaten diola, gehitzen du bera ez dagoela gaixo, osasuna sobran duela, baina barruan dagoen emaztearen zain dagoela eta kanpoan bero egiten duela, sekulako sargoria.
Eztabaidak ez dio ilarari aurrera egiten uzten. Atezain lanetan ari den gizonak esaten dio musukoa igo behar duela eta, gainera, ezin duela sartu, kanpoan itxaron behar duela. Orduan gizonak esaten dio hori jende arruntarentzat baliagarri izan daitekeela, baina bera ez dela horietakoa, bera Iberdrolako zuzendari ohia dela.
Ordurako, ilaran daudenak hasiak dira protesta isilak egiten, keinuak, begiradak. Atezain lanetan ari denak esaten dio arauak berdinak direla zuzendari izandakoentzat nahiz langile arruntentzat. Gero, adierazten dio ateratzeko ilaratik, hori bai, sudurra estali ondoren. Iberdrolako zuzendari ohiak eran-tzuten du ez diola gogoak ematen eta seguratak adierazten dio musukoa behar den bezala jartzen ez badu, salaketa bat jasoko duela.
Segurtasun tartea galtzen ari da ilara, guztiak Iberdrolako zuzendari ohia baztertzeko ahaleginetan. Une horretan ateratzen da, alboko atetik gizon haserretuaren emaztea, adin bertsukoa, ilea horiz tindatua, musukoa begietaraino jasoa. Emakumeak, urtetan garatutako egonarriaz, heltzen dio senarrari besotik eta hortik egiten dio tira, kanporantz. Esaten dio sendagileak dena ondo doala esan diola. Goazen autora, esaten du senarraren besoa askatu gabe.
Urrundu baino lehen, gizonak, beti ere sudurra airean, oihukatzen du berak milaka pertsona gobernatu dituela eta atezain soil bat ez dela nor berak zer egin behar duena esateko. Ilarak, azkenean, aurrera egiten du.